Jose Pablo Arriagak bere etxea zabalduko du 'Itoginak' erakusketarako
Zapatuan [azaroak 7] eta domekan [azaroak 8] egongo da artista markina-xemeindarraren lan berria ezagutzeko aukera. Zortzi koadrok osatzen dute erakusketa.

Bere etxeko ateak zabalduko ditu asteburu honetan [azaroak 7 eta 8] Jose Pablo Arriaga artista markina-xemeindarrak bere azken obra erakusteko. Itxialdiari lotuta Oihalezko Teilatua eskaini zuen artistak, babesleku bat bezala. Orain, berriz, munduari babes pantailen atzetik begiratzen diogula dio: “Metakrilatozko horma zurrunak ditugu tartean”. Eta, elementu horretaz baliatu da Itogina izeneko obra berria sortzeko.
Metakrilatoaz gainera teilak eta teilatua dira lan berriaren oinarri: “Teilek pertsonak sinbolizatzen dituzte. Gutako bakoitza teila bat da, gure tolesdura, gure forma, gure arrakalekin. Teilatuak, ostera, herria irudikatzen du. Teilek eusten dute teilatua, eta, era berean, teilatuak eusten ditu teilak. Tentsioa eta oreka eskutik doaz bai eta norbanakoak eta osotasuna ere”, azaldu du artistak.
Uda igarota, gauzak hobeto zeudela zirudien arren, askorentzat egoera okertu dela, ekonomia eta lana ezegonkorrak direla eta gure artean babes pantailak ditugula dio Arriagak. “Isolamendutik irten eta metakrilatozko egituren ostetik hasi ginen komunikatzen farmazian, banketxean, denda guztietan… denak daude manparen atzean. Ohitu egiten zara, baina hori da errealitatea”. Plastiko horrek guztien bizitzan daukan eraginaz hausnartzen hasi eta obra berri baten lanean hasi zen. Mutrikuko portura joan eta teilatu handi bat sartu zuen uretan, eta hainbat argazki atera zituen, gero, argazki horietako batzuk metakrilatoan inprimatu eta piezak lantzen eta sortzen joan da.
Egoera berriari aurre egiteko aukera ezberdinak adierazi ditu teilen bidez
Itogina obra zortzi koadrok osatzen dute, eta bakoitzak, egoera berriari aurre egiteko aukera ezberdinak adierazten ditu. “Ura teilaturaino iritsi zaigu itotze-sentsazioa eraginez, eta bide ezberdinak daude egoerari aurre egiteko: hondoratu eta urpean bizitzen saiatu, aldaketa bat egin; ur gainean gelditu edo hegan eginez ihes egiten ahalegindu”. Ekintza horiek teilen bidez adierazita daude. Teila bakoitza ze ekintza ari den egiten adierazteko forma bat edo beste eman die. “Itotasuna tantaz tanta heltzen denean, ez zara ohartzen azkenera arte, goraino heldu ahal da, ez da uholdea, gutxika-gutxika sortu den egoera bat da, eta egoera horren aurrean sortzen diren borroka desberdinak islatu nahi izan ditut”.
Metakrilatoa material berria da artistarentzat, lehen aldiz landu du. Berotuz eta eskuekin forma emanez moldatu du. “Forma horiek gure barne borroka irudikatzen dute, zurruntasunaren aurkako borroka bat da”.
Etxean. Eta lan berria erakusteko lekurik hoberena bere etxea dela erabaki du artistak: “zentzua ematen dio egoera guzti honi”. Izan ere, isolamenduaren istorio bat kontatzen ari da, eta etxea izan da, inoiz baino gehiago babesleku eta isolamendurako gune. “Etxea protagonista izan da egoera honetan, eta nire ustez, erakustoki aproposena da obra hau ezagutzera emateko”. Horrela, zapatuan [azaroak 7] eta domekan [azaroak 8], 11:00etatik 14:00etara artistak Guen Kalean daukan etxean egongo da ikusgai Itogina erakusketa.
15 bat minutuko bisita izango da, artistagaz beragaz lagunduta. Behetik gora egingo dute, ur azpian daudenetik teilaturaino, teilatuan dago-eta azken pieza. “Guztia performance baten modukoa izango da; kanpoko jendea, COVID-19aren beldurra duen jendea, etorriko da nire etxera, dena da obra bat”.
Erakusketa berak nahi duenean eta nahi duen modura egitea erabaki du Arriagak
Momentu honetako egoera dela eta, lan berria markina-xemeindarrek bakarrik ezagutu ahalko dutenaren jakitun da Arriaga. Baina erakusketa hau “oso freskoa” eta “momentukoa” dela esan du, eta beraz, orain dela egiteko unea.
Berehalakotasun hori izan da bai eta ere, bere etxea erakustareto bihurtzearen beste arrazoietako bat ere. Artistek erakusketak egiteko aukera gutxi dituztela dio: “Erakusketa areto baterako aukera izateko, denbora asko itxaron behar da”. Eta, beraz, berak nahi duenean eta nahi duen modura egitea nahiago izan du Arriagak. “Horrek askatasun puntu bat ematen dit”.
Artea gustuko duten guztiak gonbidatu ditu artistak bere lana ezagutzera: “Artea gustatzen zaionak aukera bakar hau ez galtzea gustatuko litzaidake; ahal duena etorri dadila”. Etxeko atarira hurreratu ahala emango diete txanda erakusketa bisitatu nahi duten guztiei.