'Mutrikuko altxorrak' argazki lehiaketa abiarazi dute udal egutegia osatzeko
Lehiaketan edozein mutrikuarrek parte hartu ahal izango du. Proposamenak azaroaren 26rako aurkeztu beharko dira liburutegian.
Mutrikuko Udalak 2021eko egutegia osatzeko asmoz, Mutrikuko altxorrak argazki lehiaketa abiarazi du. Proposamenak aurkezteko azken eguna azaroaren 26a da, eta lehiketan edozein mutrikuarrek parte hartu ahal izango du. Koronabirusak eragindako osasun egoera dela, argazkiak formatu digitalean liburutegian aurkeztu beharko dira. Honako ordutegian: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Lehiaketaren gaia Mutrikuko altxorrak da, eta parte hartzaileek gai horrekin lotutako argazkiak bidali beharko dituzte (ondarea, natura, pertsonak, animaliak, paisaia, ohiturak…), gehienez ere hiru. “Parte hartzaileek euren lan originalak aurkeztu ahal izango dituzte soilik. Ezingo da beste pertsona baten argazkirik aurkeztu, ezta beste lan original baten elementurik gehitu”.
Argazkiak jpg formatuan eta 300 ppp bereizmena eduki behar dute. Koloretan, zuri-beltzean nahiz bestelakoetan aurkez daitezke, formatu horizontalean eta elementu gehigarririk erantsi gabe (sinadurak, ur-markak…). USB memoria edo CD batean aurkeztu beharko dira. Horiekin batera, gutunazal itxi batean honako datuak ere helarazi beharko dira: izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoa. “Argazkiak eta gutunazalak izenburu bera izan beharko dute”.
Egoera dela eta, aurten ez da lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketarik egingo. Hala ere, Internet bidezko erakusketa prestatuko dutela iragarri dute. “Bertan bozka bidez Herritarren saria jasoko duen argazki bat aukeratuko da. Argazki hori egutegiaren azala izango da”. Saridunak Bertan elkarteko dendetan erabiltzeko 80 euroko bonua jasoko du. Epaimahaiak, aldiz, hamabi argazki sarituko ditu, eta horietako bakoitzak 80 euroko saria jasoko du. Epaia eta sari banaketa streaming bidez egingo dute Youtubeko Mutriku Udala kanalean.