Lea Artibaiko Gazte Koordinadora Sozialistak "burgesiaren zuzeneko diktadura" gelditzeko elkarretaratzeak deitu ditu. Kanpaina nazionala abiatu dute neurri horien "benetako izaera" salatzeko.
Lea-Artibaiko Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, agintariek osasun irizpideen “aitzakiapean” indarrean jarri dituzten neurriak salatuko dituzte eskualdean. Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu izeneko kanpaina jarri dute martxan, “oligarkia finantziarioak, politikari profesionalak eta enpresari handiek haien interesei jarraiki ezarri dituzten neurriak direlako”. Horiek salatzeko, elkarretaratzea deitu dute Ondarroan; zapatuan [azaroak 7] jarri dute hitzordua, 19:00etan, Alamedan. Joan den zapatuan [urriak 31] Lekeition batu ziren elkarretaratzean.
Azken hilabeteetan indarrean jarri dituzten “neurri murriztaileen” kontra egingo dute, neurri horiek herritarren oinarrizko eskubideak “urratzen” dituztela iritzita; besteren artean, mugitzeko eskubidea, biltzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna. Hain zuzen, hartu diren neurriek “elite ekonomikoan irabaziak eta aberastasuna metatzea” bultzatzea bilatzen dutela diote, eta neurri horiek “normaltzat” hartzen hasi direla salatu. “Bai osasungintzaren esparruan zein beste esparruetan, jakintza eta baliabide tekniko-produktibo handiak egonda ere, hau ez da gizarte osoaren ongizatea bermatzera bideratzen. Horregatik, dagoen gaitasun sozial guztia esku gutxi batzuetan metatua dagoenez gero eta pobreagoa da gizartearen zati gero eta handiagoa: proletalgoa. Askatasuna ukatzen zaigu”.
Beraz, testuinguru honetan “neurri disziplinarioak” eta “kontrol soziala” bermatzeko neurriak hartzen ari direla diote; “poliziaren jazarpena” areagotu egin dela salatu dute Gazte Koordinadora Sozialistakoek. “Egoera honetan, kalera ateratzea eginbeharra da.”