Martxan daude Lekeitioko Mendieta ontziola berreskuratzeko lanak
Murtziako enpresa batek eramango ditu obrak aurrera. Lanek lau hilabete iraungo dute.

Ontziola egonkortzea dute helburu lehen fase honetan Lekeitioko Mendieta ontziolan egingo dituzten lanek. Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak 250.000 euro jarri ditu ontziola eraberritzeko, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lekeitioko Udalak ere ekarpena egingo dute: 30.000 eurokoa aldundiak eta 15.000 euro ingurukoa, udalak.
Murtziako enpresa batek eramango ditu aurrera obrak. Enpresa horrek Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban egin ditu lanak aurretik. Esate baterako, Gasteizen Espainiako Bankua izan zen eraikinaren aurrealdea berriztu dute, eta Getxoko Punta Galean ere lanak egiten ari dira.
Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, lau hilabete iraungo dute lanek. «Uraren eraginez zutabeak mugituta daude, eta jatorrizko lekura eramango dituzte. Okertuta dago eraikina eta zuzendu egingo dute horrela».