Osasungintza publikoa defendatzeko elkarretaratzeak, berriro ere eguaztenean
Joan den astean hasi ziren herriz herri elkarretaratzeak egiten, eta asteon ere deialdiak zabaldu dituzte. Berriatuan ere egingo dute mobilizazioa, eta aldarrikapen orokorrez gain, osasun etxea zabaltzeko eskatuko dute.

Joan den astean egin modura, asteon ere osasungintza publikoa defendatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte Ondarroan, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mutrikun eta Berriatuan; herritarrak osasun etxeen aurrean batuko dira. Mutrikun 19:00etan egingo dute, eta gainerako herrietan 17:00etan.
Gainerako herrietako aldarrikapenekin bat egiteaz gain, berriatuarrek martxotik itxita daukaten osasun etxea zabaltzeko eskatuko dute; osasun etxea zabaldu ahal izateko harrerarako langilea kontratatzeko eskatuko dute, bai eta Osakidetzan langile gehiago kontratatzeko ere.
Sare sozialetara igotzeko eskaera. Elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egiteaz gain, deitzaileek herritarrak argazkiak sare sozialetara igotzera animatu dituzte; #OsasungintzaPublikoaDefendatu traola erabiltzeko eskatu dute.