Ostalaritzaren itxiera salatu dute Lekeition
Ostalaritzaren itxiera salatzeko eta egoerarekiko duten kezka agertzeko, elkarretaratzea egin dute Lekeitioko udaletxeko eskaileretan.

Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapenari aurre egiteko hartu berri dituen neurri murriztaileek hautsak harrotu dituzte han-hemenka. Zapatuan [azaroak 7] indarrean sartutako araudi berriaren arabera, tabernek eta jatetxeek itxita egon beharko dute. Ostalaritzaren itxiera salatzeko eta egoerarekiko duten kezka agertzeko, elkarretaratzea egin zuten zapatu eguerdian Lekeitioko udaletxeko eskaileretan.
Herriko hainbat ostalarik bat egin zuten protesta deialdiagaz, eta hainbat herritarrek ere euren babesa agertu nahi izan zieten. Protesta isilagaz Jaurlaritzaren neurri berriekin ez daudela ados eta laguntza nahikorik ez dutela nabarmendu nahi izan zuten.
Ostalariez gain, Lea-Artibaiko Gazte Koordinadora Sozialistak ere neurrien aurkako protesta egin zuen zapatuan [azaroak 10], Ondarroan –beheko argazkia–. Diotenez, agintariek osasun irizpideen “aitzakiapean” jarri dituzte neurriak indarrean. “Bai osasungintzaren esparruan zein beste esparruetan, jakintza eta baliabide tekniko-produktibo handiak egonda ere, hau ez da gizarte osoaren ongizatea bermatzera bideratzen. Horregatik, dagoen gaitasun sozial guztia esku gutxi batzuetan metatua dagoenez gero eta pobreagoa da gizartearen zati gero eta handiagoa: proletalgoa. Askatasuna ukatzen zaigu”.

Argazkia: Lea-Artibaiko GKS (Twitter)