Tasak eta zergak izoztu egin dituzte Ondarroan
Ondoko tasa eta zergak dira bere horretan mantenduko dituztenak: Hiri ondasunen, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren, zabor bilketaren, estolderiaren, hilerriaren eta merkatuaren hirigintzako baimenen tasa eta zergak.
Ondarroako Udalak 2021eko tasa eta zergak ez igotzea onartu zuen eguenean [azaroak 5] egindako ez-ohiko osoko bilkuran. EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zuten proposamena. Ondokoak dira bere horretan mantenduko direnak: hiri ondasunen, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren, zabor bilketaren, estolderiaren, hilerriaren eta merkatuaren hirigintzako baimenen tasa eta zergak.
Herritarrak zein egoera bizitzen ari diren jakinda, tasak eta zergak aurten dauden modura mantentzea erabaki dutela azpimarratu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Dauden sarrerekin ongizateko oinarriak, gizarte zerbitzuak eta berdintasun politikak asebeteta ditugula uste dugu; orain inoiz baino gehiago horiek dira gure lehentasunak. COVID-19ak gogor eragin du, baina dudarik barik eragina nabarmenen jasaten ari direnak familiak dira. Ezin ditugu herritarrak zergen igoerekin estutu”.
Hobariak. Udal iturriek nabarmendu dutenez, gainera, gutxien kutsatzen duten ibilgailuei hobariak ezarriko dizkiete 2021ean. Ordenantza fiskaletan aldaketa egitea aho batez onartu dute bi udal taldeek. Herritarrek egindako eskaerak onartzen badira, zergak ordaintzeko hurrengo ekitaldian edukiko dute eragina.
Hobariak eskatzeko sasoian ibilgailu bakoitzaren ezaugarriak frogatu beharko dira, eta horretarako, Ezaugarri Teknikoen Txartela erakutsi beharko da. “Txartel horretan agertzen ez badira, ezaugarri horiek jasoko dituen eta horretarako eskumena duen administrazioak igorriko duen agiri baten bidez frogatu beharko da ezaugarri horiek edukitzea”.
Honako kasuren bategaz bat badator, herritarrek hobariak eskatzeko aukera edukiko dute:
- Motor elektrikoa eta isuri nulua duten ibilgailuek %75eko hobaria izango dute. Bi kasuetan, bost ekitalditan aplikatuko da hobaria, lehendabiziko matrikulazioko zergalditik hasita.
- Motoro hibridoak dituzten ibilgailuek eta erregai modura gasa erabiltzen dutenek eta km-ko 110g C02 baino gutxiago isurtzen duten turismo matrikulatu berriek %50eko hobaria edukiko dute hiru ekitalditan, lehendabiziko matrikulazioko zergalditik hasita.
- Km-ko 110g eta 120 g CO2 artean isurtzen duten matrikulazio berriko turismoei, ostera, %25eko hobaria ezarriko diete hiru ekitalditan, lehendabiziko matrikulazio zergalditik hasita.