Maria Aranburu: "Osasungintzan gabezia eta beharrizan nagusia langileriarena da"
Lehen arretako familia medikua da Maria Aranburu gernikarra. Lekeitioko osasun zentroan lan egiten du, eta lan karga «handia» dutela onartu du. Izan ere, egunerokotasunean ordutegitik kanpo ere «ordu mordoa» sartzen dituztela aitortu du.
Lehen arretan COVID-19a baino lehen gabezia batzuk zeuden, eta pandemian azaleratu egin dira. Zein da lehen arretako zerbitzuen errealitatea?
COVID-19aren aurretik ere egoera ez zen erraza, baina orain itolarrian gaudela esango nuke. Pandemia hasieran zegoen ezjakintasunak sortutako antsietateak eta ostean izan dugun lan karga guztiak erabat nekatu gaitu, fisikoki zein emozionalki. Gaur egun gure agendak dei telefoniko eta lan administratiboz josita daude.
Zeintzuk dira dituzuen gabeziak eta beharrizanak?
Martxoan material eta informazio falta izan ziren gabezia nagusiak. Izan ere, inor ez dago horrelako gertaera baterako prest. Baina, denborak aurrera egin ahala, materialez hornitu gaituzte eta protokoloak ere eguneratzen eta egonkortzen joan dira. Hala ere, gabezia eta beharrizan nagusia langileriarena da; pandemia hasi aurretik ere hutsune hori bazegoen, baina orain nabarmen areagotu da.
Langileen beharra zenbaterartekoa da?
Zenbakietan ezingo nuke zehaztu baina egunerokotasunean ikusten dugu ez garela heltzen, eta ordutegiz kanpo ere ordu mordoa sartu ditugu. Pertsonekin lan egiten dugu, arduraz eta arazoz betetako pertsonak dira. Erantzun bat behar dute, eta erantzun horiek behar bezala eman nahian, gure ongizatea ez da bermatuta egon. Asko dira langileriaren parte bat bajan duten osasun zentroak, eta baja horiek ordezkatu barik daude, murrizketak egin dituztelako. Hori luzaroko kontua da, pandemia aurretik ere gertatzen zen.
Azkenaldian, pandemia dela eta, askotan entzun dugu «ez dagoela medikurik». Administrazioaren jarrera zelakoa izan dela uste duzu? Kudeaketa ona izan da?
Medikuak egon badaude, baina osasun sistema publikoan lan egin ahal izateko espezializatuta egon behar da; familia medikuntzan, pediatrian, kardiologian… Urtero MIR azterketa hori burutu eta plaza Espainiako Ministerioan hautatu beharra dago. Hautaketa horretatik mediku asko kanpo geratzen dira. Beste alde batetik, berriz, egon diren mediku asko ere ez dira behar bezala zaindu, kontratu oso ezegonkorrak izan dituzte, eta, horren aurrean, lanera beste leku batzuetara joatea erabaki dute: ospitaleko larrialdi zerbitzuetara, mutuetara, medikuntza pribatura… Beste batzuk Euskal Herritik kanpora ere joan dira.
Hori konpontzeko neurririk hartu da?
Medikuen kasuan ez dira gehiago kontratatu. Erizainak kontratatu dituzte, baita administrazioko langileak ere. Baina ez dira nahikoak, euren lana ere nabarmen igo delako.
Lehen arretako zerbitzuak indartu egingo dituztela esan dute askotan. Nabaritu duzu hori? Zelakoa da egoera Lekeition?
Ez da nabaritu, dagoen pertsonalarekin lan karga gehiago dugu. Udan lantalde erdiarekin lan egin dugu, aurten oporrak epe mugatu batean hartu behar izan ditugulako eta pediatria eta nagusien hamar medikuko lan-talde baterako ordezko bakarra eduki dugulako. Gainera, Lekeition, udan, biztanle kopurua hirukoiztu egiten da. Ohikoa da udazkenean lan gehiago edukitzea, urtaro txarra izaten delako paziente kronikoen ohiko deskonpentsazioengatik. Guzti horrek erabat erre gaitu langileok. Eta, gainera, bigarren olatu honetan koronabirus inzidentzia-tasa oso altua daukagu Lekeition. Lan asko dugu.
Zelakoa da orain bigarren olatuan ematen den zerbitzua? Ze protokolo jarraitu behar duzue?
Koronabirusari dagokionez, lan asko daukagun arren, dena esan bezala protokolo batean dago jasota, bai kasu positiboena zein kasu horien kontaktuen kontrola; aztarnarien bidez egiten da hori. Baina aurretiaz egiten genituen kontrol asko ezin izan dira bermatu hilabete hauetan, paziente kronikoen kontrola, esate baterako.
Zer egin beharko luke administrazioak?
Argi dago profesional gehiago kontratatu behar direla, urteetako beharrizana da eta aurreikuspen faltak egoera honetara eraman gaituelako.
Zergatik da horren garrantzitsua lehen arretan zerbitzu on bat eskaintzea?
Gaixotasun larrien diagnostikoa, kronikoen kontrola, gaixo paliatiboen zaintza, etxeetara bisitak… Horiek guztiak burutzen ditugu lehen arretako osasun langileok, baina orain zazpi hilabetekoarekin alderatuta, denborak eta kalitateak behera egin dute nabarmen, ez gara denetara heltzen. Horregatik, lehen arretan zerbitzu ona eskaintzeak osasun prebentzioan du eragina, gaixotasunak ahalik eta arinen prebenitzea, diagnostikatzea edo kontrolatzea ondorio larriagoak saihesteko bidea baita.
Zein ondorio dakartza lehen arretan beharrezko zerbitzua ez eskaintzeak?
Lehen esan bezala, lehen arretak egin beharko lukeen prebentzio lan hori ez badu burutzen, gaixotasun batzuk larriagotu egiten dira, eta gaixoek ospitalean bukatzen dute. Ospitaletan egoera ezegonkortzen hasi da dagoeneko, betetzen hasi direlako, eta bertako langileek ere euren gain daramate hilabeteetako zama eta sufrimendua.
Aurrez aurreko arreta eten egin da COVID-19 garaian. Ze zentzu du horrek? Ados zaudete telefono bidezko zerbitzuagaz? Lan karga handitu zaizue?
Lehen balorazioa kontsulta telefoniko bidez egiten dugu eta jasotako informazioaren arabera erabakitzen dugu kontsultan ikusi edo kontsulta telefoniko horrekin hasieratik irtenbidea eman dakiokeen. Azken finean, osasun zentroetara derrigorrean etorri behar duten pazienteak dira zahurgarrienak: sintrom kontrolak, haurdun daudenen kontrolak, haurren azterketak edota ultzeren sendaketak, besteak beste. Triaje telefonikoaren bidez, eurak babestea da helburu nagusia, kutsatzea saihesteko, hain zuzen. Telefono bidezko zerbitzuarekin sentimentu kontrajarriak ditut, nire pazienteak normaltasunez ikustea gustatuko litzaidakeelako, baina, lehen aipatutakoagatik, badakit ezin dela egin. Beste alde batetik, telefono deiz jositako agendarekin gure lan karga handiagoa da, eta, ondorioz, kalitateak behera egiten du, nahigabe.
Osasungintzan greba deituta dago biharko. Zergatik da beharrezkoa?
Gehiago ezin dugula aldarrikatzeko da beharrezkoa. Gure pazienteak ondo artatu nahi ditugu, denbora eskainiz, kalitatezko denbora. Euren ongizatea nahi dugu, eta hori bermatzeko gure ongizatea bermatu beharra dago. Langile gehiago behar ditugu, eta, beti bezala, berandu gabiltza.