Mutrikuko limoiondo batzuk zitrikoen izurritearekin gaixotu direla ohartarazi dute
Zuhaitzak 'Trioza erytreae' intsektuarekin kutsatuta daudela baieztatu dute emaitzek. Gaitza beste toki batzuetara ez zabaltzeko neurriak hartzea beharrezkoa dela esan dute.
Natur taldeko kideek Montalivet azpian dauden berdeguneko hiru limoiondoak afrikar jatorriko psila motako Trioza erytreae intsektuarekin kutsatuta daudela ohartarazi dute. Laginak Gipuzkoako Foru Aldundiak Fraisoron duen nekazal laborategira bidali dituzte, eta emaitzek intsektuarekin kutsatuta dutela baieztatu dute. “Helduak, arrautzak eta ninfak daudela esan digute”. Aldundiko teknikari bat Mutrikuko Udaleko arduradunekin egon da harremanetan, eta udalak orain gaitzaren aurkako tratamendua eman beharko die zuhaitzei.
Gaixoaren kalteak, batez ere, kimu gazteetan atzeman daitezkeela esan dute. Ondorioen artean zuhaitzen ostoak uzkurtzen ditu, eta horrelako kasuren batekin aurkituz gero eskualdeko nekazaritza bulegora edo udalerriko udaletxera deitzeko gomendatu dute. “Derrigor kontrolatu beharreko gaitza da, bestela beste toki batzuetara ere zabaldu daiteke”.
Arazoa zitrikoei erasotzen dieten Trioza erytreae intsektuek sortzen duela esan dute. “Intsektu horrek landarea makaltzen du, baina arazo larriena berak zabaltzen duen Candidatus liberibacter africanus deituriko bakterioak sortzen du; zitrikoen berdetzea deritzon gaitza, hain zuzen. Munduan dagoen zitrikoen gaitzik larriena da”.
Mutrikuko Natur Taldeko kideek neurriak garaiz hartzea oso garrantzitsua dela diote, izan ere, intsektu berak eragindako izurriteak kalte handiak eragin ditu munduko beste hainbat tokitan. “Gure asmoa zitrokoak dituztenei intsektu mota honek eragiten dituen kalteak jakitera ematea da, horiek eragindako kalteak saihestu ahal izateko. Zitrikoen gaitza, esaterako, Galizia inguruan oso zabalduta dago. Portugalgo iparraldera ere zabaldu da dagoeneko, eta Mutrikun aurkitu badugu, tarteko bidean ere egon ahal dela uste dugu”.