Ondarroako Itsasaurre zubiaren inguruak asfaltatzen hasi dira
Lanek hiru egun iraungo dute. Lehen bi egunetan asfaltatze lanak egingo dituzte, eta azken egunean margoketa lanak.
Gaur [azaroak 10] goizean Ondarroako Itsasaurre zubia eta inguruak asfaltatzen hasi dira. Lanei esker Ondarroako portuko sarrera hobetuko dela adierazi dute Bizkaiko Herrilanen departamentuko iturriek. Santiago Calatravak egindako zubiaren paretik portuko sarrerako biribilgunearen inguruko tartean egingo dituzte lanak, eta, bien bitartean, zirkulazioa txandaka ari dira zuzentzen obra egiten ari diren langileak.
Zehaztu dutenez, Campezo enpresa taldeko Asfaltia enpresa egiten ari da lanak, eta horien aurrekontua 40.000 euro ingurukoa (BEZa aparte) da. Lanek, denetara, hiru egun iraungo dute. “Egunean [azaroak 12] amaituko dira lanak. Lehen bi egunetan asfaltatze lanak egingo dira; egun bakoitzean errepidearen aldeetako bat asfaltatuko dute, hain zuzen. Eta azken egunean, berriz, errepidearen seinaleztapen horizontalaren margotze lanak egingo dira”.