Ondarroako kiroldegian hobekuntzak egiteko lantaldea sortu nahi dute
Eguaztenean batuko den Kirol batzordean lantaldea eratzen hasi nahi du udalak.

Nagore Badiola Alberdi zinegotziak Kirol batzordea deitu du eguaztenerako [azaroak 11]. Bilera 19:00etan hasiko da, udaletxeko bigarren solairuan. Batzorde horretan landuko dituzten gaien artean, besteak beste, Zaldupe udal kiroldegian etorkizunean hobekuntzak egiteko lantaldea eratzeko lehen urratsak ematen hasi nahi dutela aurreratu dute. “Gure asmoa lantalde bat sortzea da, eta bertan etorkizuneko proiektu edo asmo horiek nola gauzatu daitezkeen bideratuko da; horretarako herritarren parte hartzea bilatzen dugu”.
1985ko uztailean kiroldegia inauguratu zenetik herritarren eskaerak eta zaletasunak aldatzen joan direla diote, eta hori dela eta, etorkizunean kiroldegian egin behar diren hobekuntzak egiteko herritarren proposamenak jaso nahi dituztela azpimarratu dute. “Uste dugu onena erabiltzaileen iritzia jasotzea dela, beraiek baitira benetako beharrizanak ikusten dituztenak”. Kirol zinegotziak gogorarazi duenez, batzordea irekia da. “Interesa duten guztiak daude gonbidatuta eguazteneko batzordera. Plan horretan lehen urratsak ematen hasteko batzordea izango da”.