15 positibo atzeman dituzte Munitibarko Oizpe egoitzan
Munitibarko agerraldiari dagokionez, martitzenean baino 3 egoiliar gehiago daude kutsatuta.
Bizkaiko Foru Aldundiak gaur [azaroak 12] berritu ditu adinekoen egoitza sareko datuak. Horren arabera, 52 egoiliar daude positibo emanda lurraldean. Intzidentziarik handiena Munitibarko Oizpe egoitzan dago; egoitzan bertan egindako baheketan 15 egoiliarrek positibo eman dute. Martitzenean [azaroak 10] emandako datuekin alderatuta, 3 egoiliar gehiago daude koronabirusagaz kutsatuta Oizpen; 12 kasu baieztatu zituzten orduan.
11 egoitzatan daude gaixotutako egoiliarrak: Munitibarko Oizpen (15), Barakaldoko Vitalitas Santa Teresan (10), Bilboko Olimpian (7), Portugaleteko Aspaldikon (6), Gamiz-Fikako Aitzean (4), Bilboko Anai Cantero II (4), Bilboko Conde Arestin (2), Bilboko Begoñako Aman (1), Bilboko Indautxu Gurenan (1), Loiuko Loiu Gurenan (1) eta Durangoko Joxe Miel Barandiaranen (1).
Azken orduetan positibo eman duten erabiltzaileetatik 17 ospitaleratuta daude. “Positiboa eman duten 90 langile zenbatu dituzte, eta beste 81 isolatuta daude”. Aldundiaren hitzetan, 2 hildako egon dira azken orduetan, eta 10 egoiliarrek gainditu dute gaitza. Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuan, berriz, 98 kasu daudela gaineratu dute. Unbeko unitate soziosanitario espezializatuan beste 26 adineko ere artatzen ari dira.