Bonu bidez egingo dute elikagaien bankuko bilketa
1, 3, 5 eta 10 euroko balioa duten bonuak jarriko dituzte eskuragarri azaroaren 16tik 21era bitartean.
Elikagaien bankuak urtero egiten duen bilketa handia azaroaren 16tik 21era bitartean egingo dute. Mutriku, Markina-Xemein eta Lekeitioko elkarteko kideek esan dutenez, bilketa aurten COVID-19ak baldintzatuta egongo da. Hori dela eta, aurten bilketa ez dutela pertsonalki egingo azpimarratu dute. Are gehiago, janaririk ere ez dela bilduko gaineratu dute. “Egoerak gure lan egiteko modua aldarazten digu”.
Kutsatzea saihestu nahian, bonu bidez egingo dute kanpaina. 1, 3, 5 eta 10 euroko balioa duten bonuak jarriko dituzte eskuragarri Mutriku, Markina-Xemein eta Lekeitioko hainbat dendetan. “Elektronikoki eskuratu ahalko dira bonuak, erosketa ordaintzerako orduan. Bonuen bidez batutako kopurua elikagai bankura bidaliko da behar dituzten produktuetan”. Lekeition eta Markina-Xemeinen Eroskin eskuratu ahal izango dira bonuak, eta Mutrikun, aldiz, Eroski Arrietan, Eroski Dendaberrin eta Saturrarango Dian.
Mutrikuko elikagai bankuko kideek, esaterako, aurten herritarren elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa dela ohartarazi dute. “Itxialdian eta ondoren, eskaera %20 handitu da janari kopuruan, baina kopuru hori %30 arte igo ahal dela uste dugu, oraindik lanean ari ez den jende asko dagoelako. Hori dela eta, mutrikuarrak kanpainan parte hartzera animatu nahi ditugu”. Urtez urte elikagai bankuak egindako kanpainetan parte hartu duten saltokiei eta boluntarioei ere orain arte erakutsitako elkartasuna eskertu nahi izan diete. “Eskerrik asko emandako laguntzagatik”.