Ondarroako Danonartin elkarteak boluntarioak behar ditu janari bilketa egiteko
Azaroaren 20ean eta 21ean herriko denden atarietan egingo den bilketan lagundu nahi dutenek posta elektroniko bat idatzi edo elkarteko kideren bategaz harremanetan jarri beharko dute.
Elikagain Bankuek egin modura, Ondarroako Danonartin elkarteak ere elikagaiak batzeko bilketa berezia egingo du azaroaren 20ean eta 21ean. Baina bilketa aurrera eraman ahal izateko boluntarioak behar dituztela azpimarratu dute. Zehaztu dutenez azaroaren 20ean egun osoan ariko dira bilketa egiten eta azaroaren 21ean, ostera, goizean. Laguntzeko prest daudenek danonartin@hotmail.com posta elektronikora mezu bat idatzi beharko dute edo elkarteko kideren bategaz jarri harremanetan eta laguntzeko prest daudela esan.
Bilketa, ohi modura, herriko janari denden atarietan egingo dute. Honakoen aurrean: Artabideko Mertxe, Txist, Berdurako Plazako Bikiak, Sabai (Lore), Kaleandiko Ana, Aitor janariak, Zaton eta Iturribarriko eta Artabideko Eroskietan. Danonartin elkarteko kideek azpimarratu dutenez, bilketan edozein elikagai izango da ongietorria, baina bereziki honakoak batzeko deia egin dute: lekaleak, arroza, esnea, tomatea, olioa eta kontserba latak. Produktu horiez gain, konpresak eramateko ere eskatu dute.