Ondarroako 'Herri Txiki Infernu Handi' saiorako gonbidapenak banatuko dituzte
Azaroaren 19an egingo den grabaketa ikusteko 60 doako gonbidapen banatuko dituzte. Gonbidapenak azaroaren 16an jaso beharko dira Turismo Bulegoan.
Azaroaren 19an Euskal Telebistako Herri Txiki Infernu Handi saioaren grabaketa zuzenean ikusteko aukera egongo da Ondarroan. Saioko lehen irudiak martitzenean [azaroak 10] grabatu zituzten, eta datorren astean egindako grabaketak aurkezteko eta saioaren bigarren zatia grabatzeko ekitaldia egingo dute Zaldupe udal kiroldegiko kantxan. 19:00etan hasiko da grabaketa Zuhaitz Gurrutxagaren eta Mikel Pagadiren bakarrizketekin eta Sebastian Lizasoren bertsoekin.
Azaldu dutenez, osasun protokoloak bete eta saioaren beharrizan teknikoak kontuan hartuta, 100 bat lagunek ikusi ahal izango dute zuzeneko grabazioa. Hori kontuan hartuta, udalak doako 60 gonbidapen jarriko ditu eskuragarri. Gonbidapenak astelehenean [azaroak 16] jaso ahalko dira Turismo Bulegoan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Azpimarratu dutenez, herritar bakoitzak hiru gonbidapen jaso ahal izango ditu gehienez. “Ekitaldira 16 urte edo gehiago dutenak joan ahalko dira bakarrik, gazteagoak ez”.
Udalak sare sozialetan ipiniko duen argitalpen berezi bati iruzkinak eginda ere lortu ahalko dira gonbidapenak. Bina gonbidapeneko bi sorta zozkatuko dituzte Zein da zure ustez gure herriko txokorik bereziena? galderari argazki bategaz erantzuten dutenen artean.