Euskal Herri osoan 25.000 arigune baino gehiago sortu dira
Irailaren 24an abiatu zen herritarrek Ahobizi edo Belarriprest modura izena emateko epea, eta azaroaren 19ra arte zabalik dago. Izena ematerakoan, herritarrek ariketan Ahobizi edo Belarriprest moduan parte hartuko duten zehaztu behar dute.
Batetik, 2018an egin zen lehen edizioan baino udalerri gehiagotan egingo da aurtengo Euskaraldia. Guztira 421 udalerritan osatu dira Euskaraldia batzordeak, eta horietan guztietan parte hartu ahal izango dute herritarrek azaroaren 20tik abenduaren 4rako ariketan. EMAN IZENA HEMEN!
Bestetik, aurtengo edizioko berrikuntza nagusia euskaraz lasai aritzeko entitate ezberdinek sortutako espazioak dira: Ariguneak. Euskal Herri osoan 25.000 arigune baino gehiago sortu dira. Guztira 6.737 entitatek lurralde ezberdinetan dituzten 8.174 egoitzetan 25.091 arigune sortzeko prozesua abiatu zuen Euskaraldiak. Ariguneen banaketa, berriz, nahikoa parekatua izan da: %52 barne Ariguneak izango dira, eta %48 kanpo Ariguneak. Entitateei dagokionez, era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteak izan dira ariguneak sortu dituztenak. Saltoki eta zerbitzu emaile txikiak, elkarteak, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak izan dira kopurutan aipagarrienak, baina horiekin batera egon dira enpresa txikiak, gizarte eragileak, sindikatuak eta bestelakoak).
COVID-19 koronabirusak eragindako egoeran oso zaila izan da herrietan batzordeak martxan jarri eta entitateekin lana egitea. Hala ere, euskararentzako eremuak irabazteko borondatea dagoela ikusi ahal izan da eta asko direla urratsak emateko prest dauden herritar eta eragileak.
Parte hartzeko deia. Izen-ematea egunetik egunera haziz doala diote. Hala ere, jadanik izena eman duten guztiei ingurukoak ere parte hartzera animatu ditzaten eskatu dute antolatzaileek.
2018ko edizioan parte hartu duten guztiak berriro ere parte hartzera deitu dituzte, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak ekina eta jarraikortasuna eskatzen duela gogoratuz. Gainera, arrazoi batengatik edo bestearengatik lehen edizioan parte hartzerik izan ez zutenak parte hartzera animatu nahi lituzketela esan dute antolatzaileek.
Parte hartzeko baldintzak aurreko edizioko berdinak dira. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko.
Izena emateko hiru modu daude: