Belarriprest izateko zalantzan dauden herritarrei parte hartzeko deia egin diete
Belarriprest rolak norberaren zein ingurukoen hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzen duela azpimarratu dute, euskaraz gehiagotan egiteaz gain, ingurukoei hala aritzeko gonbidapena egiten bai die Belarriprest direnek.
Ariketa soziala antolatzen ari diren zenbait erakundetako ordezkariek oraindik izena eman ez duten herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da, eta ariketan belarriprest izango diren herritarrak izatearen garrantzia azpimarratu dute.
Herritarren eguneroko harremanetan hizkuntza inertziak astindu eta euskararen erabilera areagotzea da Euskaraldiaren helburu nagusia. Harreman horiek, COVID-19aren eraginez mugatuta eta baldintzatuta egon arren, egunerokoak izaten jarraitzen dute. “Kalean presentzia gutxiago izango dugun arren, hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzea posible dela, eta Euskaraldia egin egingo da”, azpimarratu du Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak.
Era berean, pandemiak eragindako egoeran arlo digitalak herritarren arteko harremanetan hartu duen garrantzia handitu egin dela aintzat hartuta, gailuen arteko komunikazioan Ahobizi edo Belarriprest aritzeko gomendio eta jarraibideak zabaldu dituzte.
Aurten, Euskal Herri osoko 421 udalerritan egingo da ariketa, eta 25.000 arigunetik gora osatu dira 6.800 entitatetan. Beraz, ariketa egiteko oinarri sendoa dagoela adierazi dute antolatzaileek. Ariketa izango den 15 egunetan, etxean, lanean, merkataritzan zein eremu digitalean ditugun harremanetan aldaketak egiteko, Euskaraldia baliagarria izango dela nabarmendu dute.
Euskaraldian izena emateko epea oraindik ere zabalik dagoela eta bereziki belarriprest izan ala ez zalantzan dauden herritarrei luzatu diete izena emateko proposamena. Izan ere, momentuz aktibatu diren herritarren gehiengoak Ahobizi izatea erabaki du. Ariketa egiteko modua adierazten duten bi rol horiek dira beharrezkoak, antolatzaileen esanetan, taldean euskara gehiago erabiltzeko.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak Belarriprest rola aukeratu duela adierazi du
Lehen edizioko emaitzek azaleratu zutenez, Belarriprest gisa parte hartu zutenek ariketa egin aurretik baino jokaera aktiboagoa eduki zuten, gerora, hizkuntzarekiko. Beraz, Belarriprest rolak norberaren zein ingurukoen hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzen duela azpimarratu dute, euskaraz gehiagotan egiteaz gain, ingurukoei hala aritzeko gonbidapena egiten bai die Belarriprest direnek.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak Belarriprest rola aukeratu duela adierazi du. “Nirekin euskaraz egin nahi duenari euskaraz egin iezadala nahi dut, horretarako gonbidapen bat luzatu nahi diet. Belarriprest izanda euskara ulertzen dudala, euskara gehiagotan entzun nahi dudala eta ahal den guztietan erabiliko dudala adierazi nahi dut”.
Zupiriak dio Euskaraldiak herritar guztioi egiten digula euskara 15 egunez erabiltzeko gonbitea; “ahalegin hori eskatzen digu”, gehitu du Sailburuak. “Berdin da euskaraz ondo moldatzen garen edo ulertzen dugun, baina euskararen erabilera ahalbideratzea eta erabili nahi duenari bidea erraztea da helburua. Horrek apurtuko ditu inertziak eta ekarriko ditu hizkuntza portaeretan aldaketak. Herritarrak aktibatzeko eta herritarrak batzeko balioko du ariketak”.
Bestalde, esan dutenez hiriguneetakoak izan ziren lehen edizioan parte hartu zuten Ahobizi eta Belarriprest gehienak. Hizkuntzaren erabileran garrantzia handia dute eremu horiek, herritar asko bizitzeaz gain, inguruko herrietatik lanera, ikastera edo merkataritzara gerturatzen baitira egunero milaka pertsona. Horregatik, euskara kalean ikusgarri egin, hizkuntza-ohiturak aldatu eta ariketan parte hartzera deitu dituzte hiriguneetako biztanleak.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ondokoa adierazi zuen: “Bizkaitar guztiei orain arte bezala euskararen aldeko inplikazioa erakusteko eskatzen diet dezaten. Euskaraldian aktiboki parte hartzeko deia eta gonbidapena egiten diet: Izan Ahobizi, izan Belarriprest”.