Bigarren porrota jarraian jaso du Aurrerak
Ligaren 5. jardunaldian, Ondarroako taldeak 4-0 galdu du Sestao Riverren kontra. Hurrengo jardunaldian ere 3. mailako talde indartsua hartuko du Zaldupen. Gernikaren kontra jokatuko du asteburu honetan.
Aurrerak garaipena lortu ezinik segitzen du ligan. 3. mailako 5. jardunaldian, 4-0 galdu du Sestao Riverren kontra. Talde ondarrutarra 18 hilabete egon da etxetik kanpo galdu barik, 2019ko maiatzak 4tik, hain zuzen ere, eta zapatuan hautsi zuen denboraldi on hori.
Aspaldian modura, Aurrera baja askogaz joan zen Sestaora, batik bat, erdian hutsune garrantzitsuekin. Izan ere, arrazoi desberdinak tarteko, erdilaririk barik ailegatu ziren. “Gainera, Sestao ez da agian kategoriako talde onena, baina Gernikagaz batera, lehen eta bigarren postuetarako hautagai argia da. 2.B mailara igoteko hautagaietako bat da”, dio Ibon Lopez Aurreraren entrenatzaileak.
Neurketa nahikoa irekia egon zen hasieran, bi taldeen gol aukerekin. Talde ondarrutarrak ondo hasi zuen partidua. 20. minutuan, Aurrerak falta bat egin, eta falta jaurtiketan gol bikaina sartu zuen Juste etxeko jokalariak. 1-0koagaz, zenbait minututan partidutik irten zen Aurrera, eta Sestaok “martxa bat gehiago” sartu zuen. 27. minutuan heldu zen Sestaoren bigarren gola. Baloi luze bat urrundu zuen Aurrerak, etxeko taldeak baloia bereganatu eta baloi jaurtiketa geratu zuen San Miguel atezain ondarrutarrak, baina aldaratzea goitik loratu eta Borjak sartu zuen 2-0koa. “Hortik aurrera ez genuen jokatzen jakin, eta partidutik joan ginen, eta eurak nahiz eta aukera argirik ez sortu, jokoaren kontrola eduki zuten”, azaldu du Aurreraren entrenatzaileak.
Atsedenaldiaren atarian sartu zuen hirugarrena Sestaok (44 min); hegaleko erdiraketa batean Villarrek buruz sartu zuen. Partidua maldan gora jarri zitzaion Ondarroako taldeari.
Haizeak bi taldeen jokoa erabat baldintzatu zuela zehaztu du Lopezek, lehen zatian, Sestaoren mesedetan, eta bigarrenean, Aurrerarenean: “Lehen zatian haizea kontra eduki genuen, eta eurak hori ere baliatu zuten. Edozein ateko saketan eta beste hainbat jokalditan, aurrera ezin eginik egon ginen minutu batzuetan. Bigarren zatian, haizea alde genuela aprobetxatzea izan zen gure asmoa, eta hasiera indartsua egin nahi izan genuen”.
Bigarren zatian ondo sartu, eta partiduak beste itxura bat eduki zuen. 3-0eko markagailuagaz, etxeko taldeak ere lasaiago jokatu zuen. 67. minutuan, De Lukok bigarren txartel horia ikusi zuen, eta hamar jokalarigaz geratu zen Aurrera.
Hamarregaz geratu arren, “aurpegia eman” zutela nabarmendu du entrenatzaile ondarrutarrak, eta hiruzpalau gol aukera argi sortu zituen. Aurreraren gola ez zen heldu, eta 78. minutuan Justek bere bigarrena egin zuen, markagailuan 4-oekoa jarriz. Kontraerasoko jokaldi batean sartu zuen gola. “Guretzat jokoz kanpoko jokaldi baten ondorioz izan zen”, esan du Lopezek.
Bigarren zatian lehen urteko beste bi gaztek debutatu zuten: Manex Ortegak eta Enaitz Etxebarriak. “Alde horretatik ere pozik gaude. Nahiz eta baja asko eduki gazteak behintzat euren aukerak edukitzen ari dira. Enaitzek minutu oso onak eduki zituen”.
Gernikaren kontra, etxean. 6. jardunaldian multzoko talde indartsuenetako batek bisitatuko du Zaldupe. Gernikaren kontra jokatuko dute asteburuan. Helburua denboraldiko lehen hiru puntuak lortzea izango da: “Ez da berdina Gernikan jokatzea edo Zaldupen jokatzea. Ea gure jokoa berriro bueltatzen den Zaldupera, eta Balmasedan kontra egin genuen moduan, ea gauzak gaitz ipintzen dizkiegun. Astean zehar saiatuko gara gauzak ondo egiten, eta ea partiduan zer edo zer positiboa ateratzen dugun”.
Talde gernikarrak eguaztenean jokatuko du Santutxuren kontra atzeratu zuten partidua. “Gernikak plantilla oso luzea dauka. Asteburuan gutxiago jokatzen duenekin jokatu du Urgatziren kontra, eta kostatu zitzaien partidua irabaztea. Eguaztenean partidu gogorra edukiko du Santutxuren kontra, eta ea pixka bat nekatuta ailegatzen diren”, azaldu du Lopezek.
Orain arteko lau partiduetan bi berdinketa eta bi porrot jaso ditu talde ondarrutarrak, baina Lopezek argi dauka “partidu denetan aurpegia eman” dutela: “Bi puntu ditugu bakarrik, baina ikusten da taldearen lana. Alde handiena egon dena Sestaoren kontrako partidua izan da; besteetan partiduak irabazteko aukerak eduki ditugu. Uste dut jokatu ditugun aurreko hiru partiduetan gehiago merezi genuela, batez ere Deusto eta Balmasedaren kontrakoetan. Eta partidu irekian, Beasainen kontra hutseko berdinketa lortu genuen euren zelaian, eta talde indartsua da”.