Herri Antolamendurako Plan Orokorra onartu du Lekeitioko Udalak
HAPO egiterako orduan Lekeitio egituratzeko ardatzak natura, ingurunea eta eraikitako ondarearen babesa izan direla azaldu dute.
Lekeitioko Udalak behin betiko onespena eman dio Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari. Aho batez hartu zuten erabakia udala osatzen duten alderdi biek joan den egueneko [azaroak 12] osoko bilkuran. HAPO berriak, datozen urteetan, udalerri osoaren lurzorua antolatuko du bere osotasunean: lurzoruaren erabilpena, haren balizko eraldaketa eta eraikuntza, eraikin eta instalazioen erabilera eta kontserbazioa eta birgaitzea.
HAPOren dokumentua hainbat parte hartze prozesuren emaitza dela azaldu du udalak. “Lekeitiarrengandik jasotako iritzi, ekarpen eta aukera ezberdinetatik idatzi zen planaren aurrerakina 2016-2018 urteen artean”.
Argi daukatela esan du udalak, “HAPO egiterako orduan Lekeitio egituratzeko ardatzak natura-ingurunea eta eraikitako ondarearen babesa izan behar direla”. Indarrean egon diren Arau Subsidiarioek aurreikusten zituzten hiri hazkundeak gaur egungo errealitateagaz ez datozela bat ere gaineratu dute: “Ondorioz, gizartearen beharrizanak asetzera bideratuko diren hiri-garapenak lehenetsi dira; besteak beste, babes ofizialeko etxebizitzenak. Garapen gehienak herri barruko bilbearen edo tramaren egokitzapen-lanetan justifikatuta daude”.
Ondorengoak dira HAPO berrian jarraitu dituzten irizpide nagusiak:
- Lurzoru kontsumoaren arrazionalizazioa.
- Gaur egungo hiri ehunaren garapenei lehentasuna ematea. Hau da, herrigunea egiten joan, hutsuneak betetzen joan eta ez garapen bakartuak edo isolatuak bultzatu.
- Etxebizitza kopurua guztira, 310ekoa da; hortik, % 49,24 Babes Publikoko Etxebizitzak izango dira.
- Guztira, 73.034,00 m2 lurzoru urbanizagarri ezabatzen dira, gehienbat Santa Katalina eta San Antolin inguruetan.
- Zerbitzuen industrigune bat proposatzen da, tokiko jarduerei zerbitzua eman ahal diena. Indarrean egon diren Arau Subsidiarioek aurreikusitakoarekiko 31.710 metro koadrotik 6.630 metro koadrora murrizten da eremua.
- Maderas de Lekeitiori dagokionez HAPOk Plan Berezi bat egitea aurreikusten du, baina ingurumen baldintzek zehazten duten erabilerara mugatuta.
- Udalerriaren barruan oinezkoen mugikortasuna sustatzea. Hiri garapen berrietan zein gaur egungo espazioetan irisgarritasuna ziurtatzea, indarrean dagoen araudia betez.
- Zuzkiduren kasuan gaur egun daudenak berreskuratzea lehenetsi dute, garapen jasangarriaren alde eta lurzoru berriak kolonizatzea saihesteko.