Inbertsio publiko gehiago egiteko eskatu du Sortuk Ondarroan
Koronabirusaren krisiari aurre egin ahal izateko, osasungintza eta hezkuntza sistema indartzeko beharra ere aldarrikatu dute Itsasaurre plazan egindako elkarretaratzean.
Sortuk deituta, Non dago diru publikoa? lelopean elkarretaratzea egin zuten zapatuan [azaroak 14] Ondarroako Itsasaurre plazan. Koronabirusaren krisiari aurre egin ahal izateko, erakundeek inbertsio publikoak eta laguntza sozialak handitu beharko dituztela ohartarazi zuten. Aldi berean, osasungintza eta hezkuntza sistema indartzeko beharra aldarrikatu zuten.
Euskal Herriak Europako intzidentzia tasa handienetakoa duela eta egoera berriz ere oso larria dela azpimarratu zuten. Sorturen iritziz, egoerari arrakastaz aurre egin ahal izateko lehen urratsa “larritasunaren beraren kontzientzia hartzea” da. “Hildako kopuru handiena duen hirugarren herrialdea da Euskal Herria, Peru eta Belgikaren ondoren. Ipar Euskal Herrian jendea konfinatuta dago dagoeneko, eta Hegoaldean, Nafarroan egoerak apur bat hobera egin duen arren, badirudi konfinamendu berri baten atarian gaudela”.
Nabarmendu dutenez, alarma egoeran berriro egotearen errua eta erantzukizuna ez da jendearena, baizik eta “etxeko lanak” egin ez dituzten agintariena. “Hainbat hamarkadatan eskuliburu neoliberala aplikatu dute, eta murrizketak egin dituzte osasunean, hezkuntzan, zaintzan, enpleguan…, eta erabat babesik gabe utzi dituzte langile eta herri klaseak eta, bereziki, sektorerik ahulenak”. Are gehiago, krisia “betikoek” ezin dutela ordaindu diote. “Neurri murriztaileekin batera inbertsio publikoak egin behar dira, neurri murriztaile horien eta krisi sozial eta ekonomikoaren kostua betikoen gain ez erortzeko”.
Ildo beretik, aipamen berezia egin zieten autonomoei, negozio txikiak dituen jendeari, kultur munduko langile eta sortzaileei, jan ahal izateko bi edo hiru lan dituztenei, osasun langile eta zaintzaileei eta hilabete bukaerara ailegatzkeo inoiz baino zailtasun gehiago dituztenei. “Zuekin gaude eta, orain arte modura, gure onena emango dugu egoera zail hau lehenbailehen gainditu eta inor bazterrean gera ez dadin”.