'Panpina' antzerkirako sarrerak Markina-Xemeingo udaletxean jarri dituzte eskura
Zapatuan [azaroak 21] eskainiko dute antzerkia Markina-Xemeingo Uni frontoian. Momentu intimo eta probokatzaileez gain umorearentzako lekua era badauka antzezlanak.
Zapatuan [azaroak 21], 18:00etan, Markina-Xemeingo Uni frontoian egongo den Kamikaz kolektiboaren Panpina antzerkirako sarrerak udaletxeko harrerako kutxazain automatikoan hartu beharko dira. Egitarauan Uhagonen salduko zirela jartzen duen arren, aldatu beharrean egon dira Uhagon kulturgunekoak, besteak beste, taberna itxita dagoelako.
Horrela, sarrerak barikura arte eskuratu ahalko dira, 08:15etik 20:00etara, eta NAN bakoitzarekin gehienez bi hartu ahalko direla zehaztu dute. Sarrerak 5 eurotan egongo dira, Uhagoneko bazkideentzako, aldiz, 3 eurotan.
Martxoaren 8ra begira zegoen programatuta antzerkia, baina etxealdia ezarri zuten, eta bertan behera geratu zen. Hala ere, hartutako konpromisoak mantendu eta ikuskizunari azaroan lekua egitea adostu du Uhagon Kultur Elkarteak. Antolakuntzarako Bagaittun Markina-Xemeingo emakume feminista taldekoen laguntza ere edukiko dutela azaldu dute.
Antzerkia. Panpina antzezlanean gai sakonak topatuko ditu ikusleak, umorea eta performance kutsuko aktore lan fisikoaz lagunduta. Besteak beste, itxurak zelako garrantzia duen eta ze eragin duen erakutsiko du oholtza gainetik Erika Olaizola aktoreak Erika Rooibos aktore ospetsuarena eginez. Pertsonaiaren argilunak erakutsiko ditu, baina era berean, edozein pertsonak izan dezakeen onarpen beharraren ertzak modu intimo bezain probokatzailean agerian jarriko ditu.
Edozein pertsonak du maitatua izateko beharra. Baina zertarako gaude prest hori lortzearren? Beldurrak, ingurukoen iritziarekiko dependentzia… Besteen begiradaren aurrean panpina izatea menpekotasun keinu bat da, ala askatasun adierazpen gorena?