Toledoko Itunaren gomendioek "prestazioen pixkanakako murrizketa" sendotzen dutela diote pentsiodunek
Manifestazio berriak iragarri dituzte azaroaren 30ean Iruñean, eta abenduaren 5ean Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hiru hiriburuetan, eta ahal den herri gehienetan.
Astelehenero herri eta hirietan egiten dituen elkarretaratzeak aukeratu ditu Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak urriaren 27an Espainiako Kongresuan onartutako Toledoko Itunaren gomendioen inguruan duten iritzia emateko. Diotenez, iradokizun horiek “ez dira nahikoak” pentsio sistema iraunkorra lortzeko, eta beraz, pentsio sistema publiko baten aldeko borroka jarraitzeko deia egin dute gaurko [azaroak 16] ekitaldietan. Horrela, manifestazio berriak iragarri dituzte azaroaren 30ean Iruñean eta abenduaren 5ean Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hiru hiriburuetan eta ahal den herri gehienetan.
“Pentsioei buruzko Toledoko Itunaren gomendioek argi uzten dute gizarte kotizazioen desbideratze sistematikoa egon dela pentsioak ez diren estatu politikenganako, baina, aldi berean, eta bere gomendioetan, prestazioen pixkanakako murrizketa sendotzen dute, murrizketa berriak iragartzen dituzte eta zoritxarreko jasangarritasun faktorea ezkutatzen dute”, azaldu du Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.
Adierazi dutenez, pentsio sistema jasangarria izan da beti, baina urteetan alarmismoa sortu dute kotizazio sozialak bestelako politika batzuk finantzatzera desbideratuz: “Kudeaketa horrek eta bere ondorioek, justifikazio faltsuak eman dituzte pentsioak murrizten dituzten 2011 eta 2013koa bezalako erreformak egiteko eta laguntza publiko garrantzitsuak dituzten Pentsio Sistema pribatuak ezartzeko”.
Pentsio Sistema Publikoa bermatzeko ezinbestekoa dela diote kalitatezko enplegu gehiago sortzea, soldatak handitzea eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformak indargabetzea, “negoziazio kolektiboa ahultzen baitute, lan- prekarietatea eta soldaten balio-galera areagotzen baitituzte eta kotizazioak murriztu”. Pentsiodunen Mugimenduaren iritziz, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata Europako Gizarte Gutunean aurreikusitako 1.200 eurotan ezarri behar da, eta zerga-erreforma sakona onartu. “Gehien dutenek gehiago ordaindu behar dute”.
EHko Pentsiodunen Mugimenduaren esanetan erretiro adina handitzeak ez ditu kotizazioak areagotzen, eta gazteak sisteman sartzeko oztopoa da
Bereziki larria iruditu zaie gomendioetan ez aipatzea 2013 eta 2011 urteetako pentsio erreformetan egituratutako jasangarritasun faktorearen indargabetzea: “Bizi itxaropena handitu ahala pentsioak murrizten dituen jasangarritasun faktorea da, eta 2023ko urtarrilean sartuko da indarrean, ezabatzen ez badugu”. Aldi berean, 2011ko pentsioen erreforma finkatzen dela esan dute: “erretiro-adina 67 urtera arte atzeratuz, kalkulu-aldia 25 urtera arte luzatuz, pentsioaren % 100 lortzeko behar diren kotizatutako urteak handituz, oinarri arautzailearen kalkulua jaitsiz eta erretiro partzial eta aurreratuak murriztuz”. Gainera, ebaluazioa egin ondoren, 2027an, klausula horietako batzuk hedatzea planteatu dutela azaldu dute.
EHko Pentsiodunen Mugimenduaren esanetan erretiro adina handitzeak ez ditu kotizazioak areagotzen, eta gazteak sisteman sartzeko oztopoa da. “Horrez gain, erretiro aurreratua hartzeko aukera gogortzen du, eta, gainera, langabezia prestazioen mende dauden langileak zigortzen ditu, kotizaziopeko pentsioaren % 100 sortu dutenean”.
Kezkagarria iruditu zaie bai eta ere, sistemaren diru sarrerak handitzearen aldeko ekimen zehatzik ez egotea hurbileko beharrei begira. “Pentsio sistemaren etorkizuna gastuaren eta demografiaren ikuspegitik aztertzean oinarritutako botere ekonomikoen diskurtsoa onartzen da, eta diru-sarreren kapituluko funtsezko gaiak baztertzen dira, hala nola enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea eta ekonomiaren produktibitatearen gehikuntzen bidezko birbanaketa”.
Hori dela eta beharrezkoa ikusi dute borrokan jarraitzea: “gure proposamenak gizartearen aurrean sozializatuz, legitimitatea irabaziz, eta gomendio horien arau garapena pentsiodunen eta langileen beharretara egokitzea lortuz, horiek baitira lortzen ari garen eta zabaldu behar ditugun hobekuntzen onuradun zuzena”.