Animaliei buruzko araudia berritzeko lanean ari dira Mutrikun
Herritarren iritzia jasotzeko nahiarekin galdetegi bat eskegi du udalak webgunean. Erantzunak barikura [azaroak 20] bitartean jasoko dituzte.
Mutrikuko Udala animaliei buruzko ordenantza berritzeko zirriborroa idazten hasita dago. “Hilabateak daramatzagu txakur hezitzaileekin, Mutrikuko Txakur Taldeko kideekin edota gaiarekin zerikusia duten beste kolektiboetako kideekin gaia lantzen”. Baina hori osatzeko nahiarekin, herritarren iritzia jaso nahi dute. “Arautegiak egin edo berritzean, askotan, lantalde aktiboekin edo interes berezia izan ditzaketen taldeekin lantzen dira soilik, herritarren iritzia kontutan hartu gabe. Oraingoan, berriz, muga hori igaro eta gehiengoa ados dagoen arautegi bat egitea lehenetsi nahi izan du udalak”.
Horretarako, galdetegi bat eskegi dute Interneten, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete. “Herritarrei zuzenean eragiten dien gaiari buruzko iritzia jaso nahi dugu. Galdetegi honekin arautegiko zenbait punturi buruz mutrikuarrek izan dezaketen adostasuna edo desadostasuna jakin nahi izan da, elkarbizitza guztion arteko zerbait baita. Galdetegiak orain arte landutakoa iritzi orokorrarekin bat datorren edo ez erakutsiko du, eta moldaketak egin behar diren edo ez”.
Erantzunak barikura [azaroak 20] arte jasoko dituzte. Azpimarratu dutenez, parte hartzea modu anonimoan egingo da. Hori bai, nahitaezkoa izango da Mutrikuko bizilaguna izatea. Parte hartzeko interesa dutenek hamabi galderari erantzun beharko diete. Besteak beste, ea ados dauden erantzun beharko dute txakurrak libre eta uhalik gabe egon daitezkeen toki bat prestatzearekin edo uda garaian hondartzan txakurrak egon daitezen eta igeri egin dezaten eremu bat jartzearekin.
Galdetegia astelehen [azaroak 16] arratsaldean eskegi zuten Interneten, eta erantzun oso ona jasotzen ari dela azaldu dute udal iturriek. “Ordu gutxian 500 lagun inguruk erantzun diote galdetegiari”.