Ur Partzuergoak Munitibarko araztegia eta hari lotutako kolektoreak martxan jarri ditu
Munitibarko hondakin uren araztegia martxan jartzeak Lea ibaiaren goi-ibarreko ingurumena "hobetzen lagunduko" duela azpimarratu dute ur partzuergoaren arduradunek. Azpiegitura egiteko 2,7 milioi eurotik gorako inbertsioa egin dute.
Munitibarko araztegia eta hari lotutako kolektoreetan probaldian aritu ziren apirilean eta dagoeneko herriguneko eta Gerrika, Gerrikaitz eta Totorika auzoetako 500 bat bizilagunen hondakin-urak biltzen eta tratatzen hasi dira. Ia hiru urtez egin dituzten lanetan 2,7 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker finantzatuta.
Instalazio hori funtzionatzen hastearekin batera osatu egin da Lea ibaiaren arro osoko saneamendua, hau da, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa eta Lekeitio udalerrietakoa, eta ur partzuergoaren arduradunek azpimarratu dute Munitibarko hondakin-uren araztegia martxan jartzeak Lea ibaiaren goi-ibarreko ingurumena “hobetzen lagunduko” duela. Munitibarko HUAk “behar bezala tratatuko” ditu jasotako emariak, harik eta ibaira berriro isurtzeko modukoak diren arte, betiere Uraren Euskal Agentziak (URA) eskatutako ingurumen-irizpide guztiak betez. “Obrak egin aurretik, udalerriko saneamendu- eta arazketa-azpiegituren sare unitarioa hobi septiko batean amaitzen zen, baina hobien bidezko hondakin-uren tratamendua ez da egokia efluenteak ibilgu naturaletara araztuta eta kontrolpean itzuliko direla bermatzeko”, azaldu dute.
Araztegi batek, ponpatze-estazio batek, kolektore orokor batek eta horri lotutako kolektoree osatzen dute martxan jarri berri duten azpiegitura. Azken horiek Munitibarko herriguneko ur zikinak jasotzen dituzte, bai eta nagusien egoitzako urak eta sakabanatutako baserri batzuenak. Zehaztu dute kolektore-sareak grabitate bidezko tarte orokor bat daukala eta hiru konexio-adar: “egoitzaren, Uribai baserriaren eta Rementeriaren eransteak”.
Bestalde, ponpatze-estazioak HUAn sartzen diren emariak laminatzeko funtzioa dauka, harik eta araztegiaren tratamendu biologikoak beregain har ditzakeen arte (araztegia saturatzea saihestuz). Horretarako, 24 m3-ko erregulazio-andel bat dauka, eta, eurite handiak egotekotan, 81,55 m3-ko beste ekaitz-andel txiki bat du, Lea ibaiaren ibilguan “gainezkatzeak gertatzea saihestuko” duena.
Araztegiak eta ponpaketak, hondakin-uren tratamendu aurreraturako ekipo teknikoez gain, desodorizazio-sistema bat ere badute; beraz, instalazioa estalita dagoenez, konfinamendu-maila bikoitza eskainiko da puntu nagusietan, inguruan usain txarrak eta eragozpenak saihestuz. Era berean, ekipamendu elektrikoak eta urrutiko aginte eta kontrolerako ekipamenduak ere baditu. “HUAren tratamenduko ur-lerro osoa zurezko itxitura eta estalkidun eraikin baten azpian dago, hala, paisaian hobeto integratuta egon dadin”, adierazi dute.