Ekonomia zirkularrari eta ekintzailetzari buruzko tailerra antolatu du Debegesak
Ikastaroa azaroaren 20an hasiko da, eta eskualdeko 20 lagunek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko epea zabalik dago.
Debegesak, Mutriku, Deba, Elgoibar, Eibar eta Ermuako udalekin elkarlanean, ekonomia zirkularrari eta ekintzailetzari buruzko doako tailer bat antolatu du. Azaroaren 20tik 30era bitartean, 24 orduko iraupena duen tailerra emango WeBring enpresak; Bic Gipuzkoak formakuntzako erakunde gonbidatu modura ere parte hartuko du. Zehaztu dutenez, Eskolak Internet bidez emango dituzte, 09:00etatik 13:00etara.
Oro har, ekonomia zirkularraren esparruan interesa dutenentzat antolatu dute tailerra. “Tailerra ekonomia zirkularrean eta ekintzailetan trebatu nahi duen edonori zuzenduta dago. Hala nola, gazteei, langabeei edota enplegua eta ekiteko interesa dutenei”. Ikastaroaren helburua Debabarrenan espiritu ekintzailea indartzea eta ekintzailetzari buruzko ikuspegi orokorra eskaintzea dela jakitera eman dute. Horretarako, ekonomia zirkularraren kontzeptua zeharka landuko dute eta eskualdean dauden baliabideen berri ere emango diete bertan parte hartzen dutenei.
Doako tailerrean 20 lagunek parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko epea zabalik dagoela iragarri dute. Interesatuek Debegesaren webgunean dagoen inprimakia azaroaren 19ko 14:00ak baino lehen beteta bidali beharko dute.