Mutrikuko Udalak hitzarmena sinatu du OinHerri elkartearekin
Hitzarmenak urte baterako iraupena du. Mutrikuko Udalak 3.000 euroko ekarpenarekin lagunduko du egitasmoa, eta OinHerrik, berriz, aholkularitza eta laguntza emango dizkio udalari.
“Mutrikuarrak eta herriko eremu guztiak hezitzaileak” direla kontuan hartuta, Mutriku “herri hezitzailea” izan dadin elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta herri hezitzaileak sustatzeko sarea osaten duen OinHerri elkarteak. Hitzarmenari esker, Mutriku ere herri hezitzaileen sarearen parte izango da Asteasu, Azpeitia, Bergara, Elizondo, Dima, Donostiako Egia auzoa, Hernani, Mañaria, Oñati, Ordizia, Orio, Otxandio, Pasaia, Usurbil eta Zumaiarekin batera.
OinHerri eta udalaren arteko harremanak eta lanketak urte hasieratik datozela esan dute, baina osasun larrialdi egoeraren ondorioz, hitzarmenaren sinadura ofiziala atzeratu egin behar izan dute. Hitzarmenak urte baterako iraupena du, eta hasierako aldia amaitutakoan, urtez urte luzatzeko aukera egongo da. Adostutakoaren arabera, udalak 3.000 euroko ekarpenarekin lagunduko du egitasmoa.
OinHerrik, bere aldetik, aholkularitza eskaini eta herri hezitzailearen ikuspegiarekin lanean diharduten beste herrien esperientziak partekatuko ditu. “OinHerri elkarteak aholkularitza eta laguntza emango dio udalari, elkartearen helburu, printzipio eta lan ildoak Mutrikun aplikatzeko abiatuko duen bidean”.