Euskaraldian izena emateko epea azaroaren 24ra arte luzatu dute
Jaurlaritzako kideek esan dutenez, "herritar asko orain ari dira jakiten Euskaraldia datorrela edo aurten berriz eman behar dela izena, eta gehiago dira barikuan [azaroak 20] bertan ohartuko direnak".
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila gaur [azaroak 18] jakinarazi duenez, Euskaraldian izena emateko epea azaroaren 24ko 23:59ak arte luzatu dute. “Zenbait herri eta entitatetatik idatzi digute izen-ematea luzatzeko proposamena egiten, eta geuk ere identifikatu dugu premia hori”. Ondorioz, izen-ematea beste lau egunez luzatzea erabaki dute.
Gaineratu dute Euskaraldiaren berri ematea “bereziki zaila” izaten ari dela. “Azken egunetan asko mugitu da izen-ematea. Herritar asko orain ari dira jakiten Euskaraldia datorrela edo aurten berriz eman behar dela izena, eta gehiago dira barikuan [azaroak 20] bertan ohartuko direnak”. Hain zuzen, Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean gauzatuko da.
Esan dute ez dutela nahi izen-ematea ariketaren azken egunetara arte luzatzea, “herritarrak ariketa egiteko tarterik gabe geratuko liratekeelako”. Dena dela, herritarrei ahalik eta azkarren izena emateko deia egin diete, Ahobiziek eta Belarriprestek txapa eta aholkuak ahalik azkarren eskura eduki ditzaten.