Gorka Reiriz Akarregi: "Jendearen osasuna eta oinarrizko askatasun zibil eta politikoak izan behar dira nagusi"
Lea-Artibaiko Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, zapatuan [azaroak 21] manifestazioa egingo da Lekeition, 19:00etan, Eskolapetik hasita. Ondokoak dira haien eskaerak: neurri diziplinario eta polizialak indargabetzea, osasun baliabide sozialak indartzea, eskubide zibil eta politikoak bermatzea eta langileriaren antolakuntza komunista hedatzea.
Duela gutxi sortu duzue eskualde mailako taldea, zerk bultzatu zaituzte taldea sortzera?
Izatez, eskualde mailako taldea aurreko urtean sortu zen; auzolanak, mintegiak eta bestelako ekimenetan parte hartzen genuen. Orain dela gutxi sortu dena eskualdeko taldearen Twitter kontua da. Modu horretan eskualde mailako jardunaren berri bertatik ematen eta emango dugu. Zerrek garamatza eskualdean GKSn antolatzera? Beste eskualde guztietako arrazoi berdinek, hain zuzen ere: Gazte problematikari klase perspektibatik erantzun eta hori gainditzeko indarrak batzearen beharrizanak. Hau da, gazteria langilearen arazoak, sektorialak eta partikularrak izan ordez, beste arazo sozial gehiagorekin erro komun bat partekatzen dutela uste dugu: burgesiaren botere akumulazio etengabea, kapitalaren akumulazioaren bitartez. Hala bada, gazte problematikari perspektiba orokor horretatik abiatuta erantzun behar zaiola uste dugu, eta horretara goaz.
Indarrean dauden neurriak kentzea eskatzen duzue. Zer dela eta?
Neurri diziplinario eta polizialak indargabetzea da eskatzen duguna. Europak eta mendebaldeko blokeak azken hamarkadetan bizi izan duen egiturazko krisi handienetako baten aurrean gaude. Hau ez da COVID-19aren arazoarekin hasi. Izan ere, honek azeleratu besterik ez du egin lehendik zetorren kapital akumulaziorako gaitasun ezaren krisia. Burgesiak kapital akumulaziorako fase berri bat martxan jarri nahi du beharrezkoak diren erreforma sozial, ekonomiko eta politikoak eginda. Horretarako, beste neurrien artean (kaleratze masiboak, pobretze orokortua, masa kultura alienantearen hedapena edota demokrazia klasikoaren gainbehera…), kontrol sozial gero eta handiago bat ezartzen ari dira, puntako teknologien (5G, bigilantzia teknologiak…) bidez, besteak beste. Beraien demokraziaren prozedimenduak ere bazter batean utzi eta estatu diktatorial bat ezartzen ari dira, eta honen helburua langileria diziplinatzea eta datorren egoera sozial gordinaren aurrean “etxerako lanak eginda” edukitzea da, edozein koloretako poliziak edota edozein lege arbitrariok agintzen duenaren aurrean langileri ixil eta men egingo duen bat edukitzeko. Horrez gain, beste estatu batzuekin alderatuz, argi dago Espainiar estatuan eta Europako beste herrialde batzuetan askoz ageriago geratu dela burgesiak pandemia hau kudeatzeko duen modu arbitrarioa. Gero eta ageriago dago “osasun neurriak” deitu direnen izaera arbitrarioa eta honen atzean ezkutatzen den joera diziplinatzailea.
Pandemia bestelako helburuetarako aprobetxatzen ari direla esan nahi duzue?
Bai. Esan bezala, lehendik krisian zegoen ehun produktiboa guztiz desmantelatzeko aitzaki perfektua suertatu zaio oligarkia finantzieroari, baita gabezi horretatik negozioa egiten jarraitzeko ere. Langileon bizitzak zipitzik inporta ez zaizkiela lehendik usaindu ahal bagenuen, orain argi geratu da pandemiaren gestio burgesarekin. Ez gaitezen fidatu sekula ogi apurrak ematen dizkigun horretaz.
Zuen ustez, egoera honen aurrean, zein neurri hartu beharko lirateke? Edo zeintzuk lirateke zilegizkoak?
Jendartearen oinarrizko askatasunak mantenduko lituzketenak. Gure ustez bi irizpide nagusitu behar lirateke egoera honetan. Batetik, jendearen osasuna eta, bestetik, oinarrizko askatasun zibil eta politikoak. Burgesiak sinestarazi nahi digu bi irizpide hauek elkarrekiko kontraesanean daudela. Baina, hori ez da horrela. Gaitasun teknologikoak, jakintza baliabide handiak eta pandemiaren eragin soziala minimoa izateko modua eta dirua egon badago, nahi izanez gero. Baina horretarako osasungintzako azpiegituran, teknologietan, formakuntzan eta langileen kontratazioetan inbertitu behar da, eta, noski, hori ez da produktiboa, ez du aberastasunik sortzen burgesia handiarentzako. Langileok sortutako gaitasun tekniko-produktibo guzti horiek, esku gutxi batzuetan daude eta, momentuz beraiek daukate gaitasuna guzti hauekin zer egin erabakitzeko. Errentagarriagoa zaie oinarrizko askatasunak murriztu eta kontrol sozialean inbertitzea.
“Gizadiaren etorkizunaren gaineko eginbehar historikoa komuniston esku dago. Guri dagokigu botere politiko sozialista eraiki eta milioika langileren bizkar bizi diren parasito horiek historiaren zaborrontzira jaurtitzea”
COVID-19ak eragindako egoerak zer utzi du agerian?
Gure kasuan, mendebaldeko bloke ekonomikoak eta konkretuki Europak zuen gaitasun ekonomiko gero eta murritzagoa. Honen ondorioz, burgesiaren kapa baxuenak eta langileriaren kapa altuenak ahalmen ekonomiko gabe geratzen ari ziren, eta langileria proletarizatuaren geruza gero eta handiagoa egiten ari zen. COVID-19aren testuinguruak joera hau azkartu besterik ez du egin, joera ekonomiko handiak azkartu dituen modu berean. Europar burgesia egin ahalak egiten ari da fase gorakor berri bat abiarazteko. Baina oraindik goiz da esateko milioika langileren heriotza eta beste milioien bizi baldintzen okertzeak lagunduko badio horretan edo atzera bueltarik gabeko bide bat hasi bada kapitalismoaren historia dekadentean. Edonola ere, gizadiaren etorkizunaren gaineko eginbehar historikoa komuniston esku dago. Guri dagokigu botere politiko sozialista eraiki eta milioika langileren bizkar bizi diren parasito horiek historiaren zaborrontzira jaurtitzea. Ezer ez da bakarrik gertatuko.
Langileriaren antolakuntza komunista hedatzea aldarrikatzen duzue. Nola?
Norbanakoak egin dezakeenaren eta egin ezin duenaren muga norbere poltsikoaren gaitasunean oinarritzen duen gizarte honen aurrean, askatasunean oinarritutako bizi eredu unibertsala posible dela uste dugu. Guztion lanaren fruituak guztion artean banatuko dituena, hain zuzen. Bide horretan, langile klase sakabanatu eta desartikulatu bati zuzentzen gatzaizkio, helmuga horretara bidean indarrak pilatu eta langileon berehalako interesen alde borrokatzeaz gain, eraiki nahi dugun gizartearen ereduaren oinarriak gaurdanik ezartzen hasteko. Langileriaren antolakuntza komunistan pausoak emateko, hain zuzen. Nola? Guk gure gaitasun apaletatik abiatuta, momentuz salaketa kanpaina hau martxan jarri dugu, bizi dugun egoera negargarriari buruzko irakurketa azaldu eta honen erantzuleak seinalatzeko. Mugimendu sozialistako gainontzeko antolakunde eta espresioekin ere (Ikasle Abertzaleak edo Itaia, besteak beste) kontaktuan gaude eta bakoitza bere ekarpen xumea egiten ari gara bide honetan. Ez dugu erantzun absolutu edo “10 mandamenturik”. Ortzimuga sozialista hautatu duen belaunaldia gara eta bide horretan gure ekarpen xumea egitera goaz.
Jendartearen izaera kritikoa apaldu/galdu egin dela deritzozue?
Jendartearen gaitasun analitiko edo kritikoa dirua maneiatzen dutenek uzten digutenera artekoa da. Haiek hezten gaituzte autobusak gidatzeko, mahaiak zerbitzatzeko, autoak diseinatzeko edo, finean, izaera “kritiko” bat garatzeko eta haien iritzia erreproduzitzeko. Beti ere, gizarte honen motorea diren indarrak seinalatzen eta salatzen ez baditugu. Horrela, iritzi emaile profesionalak edota edozein gairi buruz zeresana duen jendea ez da falta. Are gehiago, telebistan agertzeagatik ordaintzen zaie. Falta dena, gizarteko fenomenoei perspektiba integral batetik begiratuko dien teoriaren lanketa da. Hain zuzen, begirada integral horren beharrizana gure azaletan bizi dugunon (langileon) teoria sozio-ekonomiko-politikoaren lanketa, zeina gure ustetan momentuz marxismoa den. Dena den, aipatu nahiko genuke izaera kritikoa apaltzera begira komunikabide eta mekanismo iritzi-sortzaileak izaten ari diren jarrera. Biolentzia handiz bonbardatzen gaituzte, eta gizartearen gehiengoan estatu totalitario edo diktadore baten aldeko kontzientzia hedatzea beste helbururik ez du honek, eta modu beldurgarri batean ari dira lortzen.
“Zapalduak eta esplotatuak izateari utzi nahi badiogu, egin “behar” dugun zerbait da. Gure bizi baldintzen hobekuntzaren alde borrokatu behar dugu”
Etorkizuna nola ikusten duzue? Gazteriak zein ekarpen egin ahal du?
Mendebaldeko gizarteetan ematen ari den haustura ekonomikoak, zeinak ongizate estatuaren eraikina haren zimentuetatik eztandarazi duen, haustura kultural handi bat dakar berarekin. Gure gurasoek bizi izan duten testuinguru ekonomikoak, bizi baldintza jakin bat, askatasun politiko batzuk eta baldintza sozial batzuk ahalbidetu ditu. Periferia inperialistako herrialdeekin alderatuz gero, halako bizimodu akomodatu baterako aukera eduki du langileriaren goiko kapa batek. Azken urteotan, ordea, guzti hori pikutara doa, eta gure belaunaldiari tokatu zaio haustura momentu hori jasatea. Halabaina, haustura ekonomikoak baldintza egokiak dakartza haustura politikoa bideratzeko. Orain arteko langile mugimenduaren noraeza norabide estrategiko sozialistarantz lerratzeko. Hala bada, ez da gazteriak egin “ahal” duen zerbait soilik. Zapalduak eta esplotatuak izateari utzi nahi badiogu, egin “behar” dugun zerbait da. Gure bizi baldintzen hobekuntzaren alde borrokatu behar dugu, langileon botere politiko independentearen oinarriak ezartzen hasten garen bitartean.
Zertan zabiltzate orain?
Gure jardunaren berri edukitzeko, kalean adi egotera, guregana etortzera edo gure Twitter kontuak jarraitzera gonbidatzen zaituztegu: @GKS_LeaArtibai eta @GazteKS_. Dena den, lehen esan bezala, egoera honen erantzuleak seinalatu eta 4 oinarrizko aldarrikapen plazaratu ditugu martxan dugun salaketa kanpaina honetan:
- Neurri diziplinario eta polizialak indargabetzea.
- Osasun baliabide sozialak indartzea.
- Eskubide zibil eta politikoak bermatzea.
- Langileriaren antolakuntza komunista hedatzea.
Honen baitan, mobilizazioak deitu ditugu aurreko asteetan, eta asteburu honetan ere Lea-Artibaiko langileria mobilizatzera deitzen dugu zapatuan [azaroak 21] 19:00etan Lekeitioko Eskolapetik irtengo den manifestazioan. Bakarrik eta ixilik nahi gaituzten honetan, inoiz baino arrazoi gehiago dago kalera irtetzeko.