HAPOn genero ikuspegia txertatzeko proiektua abiarazi dute Ondarroan
HAPOn genero ikuspegia txertatzeko herritarrei zuzendutako formakuntza eta parte hartze saioak prestatu dituzte. Lehen saioa azaroaren 30erako iragarri dute.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzen ari da Ondarroako Udala, eta prozesu horretan genero ikuspegia txertatzeko proiektua abiarazi dute Berdintasun sailetik. Proiektuaren helburua herritarrek, udal ordezkariek zein udal langileek euren ekarpenak egin eta genero ikuspuntua HAPOn “ondo txertatuta” geratzea da. “Etorkizuneko Ondarroako nolakoa izan behar den plan horretan genero ikuspuntua zelakoa izan behar den argi zehaztea, alegia”.
Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasuna zinegotziaren iritziz funtsezkoa da genero ikuspegia HAPOn txertatzea. “Beste herri edo hiri batzuetan ez da txertatzen horrelakorik, baina uste dut beharrezkoa dela. Ondarroako Udalak urteetan genero ikuspegia lantzearekin daukan konpromisoa indartzen du proiektu honek. Ezin dugu etorkizuna planteatu genero ikuspegirik barik. Udalaren zeregin, proiektu eta asmo guztietan txertatu beharreko elementua da, eta horretara dator proiektu hau”.
Gaineratu duenez, HAPOn genero ikuspegia txertatzea ezin da bakarrik udaletik kudeatu. Hori dela eta, ekarpenak egiteko formakuntza eta parte hartze saioak prestatu dituzte. Herritarrei zuzendutako lehen saioa azaroaren 30ean egingo dute; HAPOn txertatzeko argibideak eskainiko dituzte. Abenduaren 3an eta 10ean, ostera, HAPOri ekarpenak egiteko parte hartze saioak egingo dituzte. “Herritarren zein udal langileen ekarpenak jaso nahi ditugu aniztasunaren, zaintzaren eta eguneroko bizitzaren plangintza erdigunera ekartzeko genero ikuspegiaren bitartez. Iritzi desberdinak jaso nahi ditugu ikuspuntu guztiak kontuan hartzeko”.
Feminismoak erakutsitako bidetik, besteak beste, honako gaiak bistaratu eta txertatu nahi dituzte HAPOn:
- Aniztasuna, desberdintasunak eta gizarte kohesioa hiri plangintzan.
- Autonomiarako ingurune seguruak eta irisgarriak.
- Ongizatearen babeserako eta sustapenerako ingurune osasungarriak.
- Zaintza lanak babesteko, errazteko, arintzeko eta partekatzeko inguruneak.
- Denboraren kontziliazioa eta zaintzaren mugikortasuna.
- Etxebizitza, espazio publikoa, mugikortasuna edota ekipamenduak, “Betaurreko Moreekin”.