Jabi Patxon: "Niretzako amets bat izan da disko hau grabatzea"
'Amesen egongelan' izenagaz estudioko lehen diskoa kaleratu du Jabi Patxon lekeitiarrak. Folk eta Rock estiloen artean mugitzen da diskoa. Lan berriaren emaitzagaz "pozik" dagoela adierazi du musikariak.
Zer aurkituko dute entzuleek ‘Amesen Egongela’ diskoan?
Folk eta Rock estiloen artean mugitzen den hamar kantuko diskoa da. Abesti bakoitzaren izaerak eskatu duen estilora irten du apur bat. Orain arte grabatu ditudan disko biak ahotsa, gitarra eta aho soinuagaz bakarrik egin ziren, eta orduan soinua nahikoa berdintsua da. Gainera, zuzenean grabatuta daude ia-ia, egun baten grabatutakoak dira. Azken disko hau aurrerapauso bat izan da, esperientzia erabat aberasgarria.
Disko hau estudio batean grabatu duzun lehenengoa da.
Hala da. Sestaoko lagun batek udalerri horretako Iker Eskurza musikari eta teknikariagaz jarri ninduen kontaktuan, eta bion artean ekoiztu dugu diskoa. Nik ahotsa eta gitarra soinuagaz eraman nituen abestiak, eta bion artean eman diogu kanta bakoitzari soinu desberdina. Lan honegaz konturatu naiz sormen prozesuak estudioan jarraitzen duela, kanta badaukazu, baina azken emaitzara heldu arte moldatzen joaten zara. Aurreko disko bien prozesua ezberdina izan zen, joan, abestu eta ondo grabatu, eta abestiak oso gordinak dira, biluzik daude. Hau, berriz, jantzita dago. Eskurzak baxua jo du, gitarra batzuk sartu ditu, eta teklatuak ere bai. Estudioko bateria ere sartu dugu lau abestitan.
‘Amesen egongelan’ jarri diozu izena diskoari. Zergatik izen hori?
Amesen egongelan abesti baten izenburua da, eta gainera, niretzako amets bat ere izan da disko hau grabatzea. Egongelagaz, berriz, umore pixka bategaz adierazi nahi dut denok gaudela itxaroten ametsari.
Disko honetarako egin dituzu abestiak ala lehendik zenituen batzuekin osatu duzu?
2019ko abenduan idatzi nituen letrak, baina musikak gordetzen joaten naiz. Batez ere melodiak irteten joaten zaizkit, eta gorde egiten ditut, haziak izango balira modura. Abendura arte talde batean egon naiz, Rock and roll expres taldean, eta horrek denbora asko eramaten du. Bertsioak jotzen genituen, eta bertsioak jotzea erraza dela badirudi ere, horren atzean lan handia dago. Beraz, ez neukan denborarik nire proiektuetarako. Bost urte eta gero, taldea amaitu zen, eta gordeta nituen melodia horiek atera eta bakoitzari gai bat aukeratzen hasi nintzen. Abendu eta urtarrila bitartean, melodiei gaiak jarri eta letrak idazten aritu nintzen.
Noiz egin zenuten estudioko grabaketa?
Urtarrilaren amaieran hamabi abestiak prest nituen musikagaz eta letrekin. Lehenengo diskoetxe batzuetara bidali nuen lana, baina ez zidaten kasu handirik egin. Martxoa zen, eta arazoekin zenbiltzan jada denak. Orduan pentsatu nuen lehenengo bi abesti bakarrik ekoiztea, dirua kostatzen da-eta produktore bategaz lan egitea. Baina, behin bustita, errekara bota nintzen, eta hamabi kanta barik hamar egin nituen. Diskoa luzetxo gelditzen zen, eta bi albo batera utzi nituen. Uztailean eta abuztuan grabatu genituen kanta denak, denbora hartuta. Azkenean diskoa egin dugu nire abestiekin, baina bion artean ekoiztuta.
Bion arteko lana zelakoa izan da?
Bakoitzak bere ideiak ditu, baina ondo moldatu gara. Pozik nago emaitzagaz. Ahal denik eta ondoen egin dugu, eta uste dut abestiei eman diegula bere nortasuna; abesti horiekin adierazi nahi genuena azaleratzea lortu dugu. Abesti batek bide desberdinak hartu ahal ditu, jo dezakezu pixka bat gogorragotik, pianoagaz lagunduta edo esperimentatzen, aukeratzen joan behar zara, eta horrek denak bere lana dauka. Lan polita geratu zaigu, orain falta da entzuleekin konektatzea. Abestiak egitea lehenengo da norberarentzat, baina, gero, abestiak jendeari helarazi nahi dizkiozu.
Noiz egongo da kalean diskoa?
Diskoa Lekeitio Aralde Berrin, Markina-Xemeingo Kareagan, Ondarruko Zurru Murrun eta Mutrikuko Sabina liburu dendetan dago salgai. Eta gero, Durangoko Azokan aurkeztuko dut.
Diskoa bi aldetan banatu nahi izan dut. A aldea eta B aldea dauzka, binilozko diskoetan egiten zen modura.
Diskoaren egitura eta diseinua bereziak dira.
Diskoa bi aldetan banatu nahi izan dut. A aldea eta B aldea dauzka, binilozko diskoetan egiten zen modura. A aldean egoten ziren abesti errazagoak edo alaiagoak eta B aldean abesti pertsonalagoak edo esperimentalagoak. Horrela egin dugu, eta B aldean soinu desberdinekin egindako probak sartu ditugu. Azalari ere garrantzia eman nahi izan diot, hori ere biniloen ereduari jarraituta. Lehen diskoen azalak oso garrantzitsuak izaten ziren, sormen lan bat izaten zen bai eta ere. Azaleko argazkian ni agertzen naiz hiru eratara jantzita. Aktoreekin egitea nuen hasierako asmoa, pertsonaia ezberdinak irudikatzen, baina jendea batzea ezinezkoa zenez, hirurak nik egitea erabaki nuen. Lagun batek egin dit maketazioa. Letrei ere garrantzi handia ematen diet. Musika eta letrak banatuta oso politak dira, baina batuta oraindik politagoak.
Zeintzuk izan ziren zure hastapenak musika munduan?
Orain dela hamar urte hasi nintzen abesten jende aurrean. Nire bertsioak egiten nituen, eta nire abestiek sortzen ere hasi nintzen, oso sinpleak, hiru akorde edo lau nekizkien bakarrik. Horrela egin nituen lehen disko bietako kantak; izatez garai bereko kantak dira. Lehenengo instrumentuekin aritu nintzen, gitarra jotzen ikasten nengoen, eta gero letrak egitera animatu nintzen. Azkenean eskultore bat bezala zoaz forma ematen, eta oso zirraragarria da. Lehenengo disko biak Tolosan grabatu nituen 2013 eta 2016 urteetan. Tartean taldeetan jotzen nuen. T.Y.A taldean lehenengo urte bi eta Rock and roll expresen gero beste bost urte. Aulestiko beste talde bategaz ere aritu nintzen, Gaubela taldeagaz. Estudioko grabaketa egitea polita izan da, beti nire abestiak bakarrik gitarragaz entzun ditut, eta jakin mina neukan ea nola geldituko liratekeen baxu, bateria eta ahots eta guzti jantzita. Kantak horrela entzutea esperientzia atsegina izan da.
Kanten aurrerapenik egin duzu?
Orain arte ez dut eduki ez Facebookik ez ezer, orain dela hilabete sortu nuen profila diskoaren berri emateko. Lehen disko biak ere Spotifyra eta beste plataforma digital batzuetara igo ditut, eta lan berriko hiru single ere aurreratu ditut. Nire asmoa da beste bi kanta ere aurreratzea, eta besteak geratuko dira diskorako.
Gaur egungo musika nola ikusten duzu? Non kokatuko zenuke zure lana?
Oso musikari onak daude gaur egun, nahiz eta askotan eman dena antzekoa dela. Genero nagusiak asmatuta daude, baina asmatuta ez dagoena bakoitzak gauzak kontatzeko daukan modua da. Gaiak ere antzekoak izan daitezke: maitasuna, samina, injustiziak, amorrua… baina norberaren ikuspuntutik aldatu egiten dira.