Maribel Aiertza Rementeria: "'Izaroren izarra' ingurumena eta emozioak ezagutzeko istorio bat da"
'Izaroren izarra' liburuagaz dator oraingoan Maribel Aiertza, eta irakurle txiki "jakintsu eta jakingura handiko" guztiekin partekatu nahi du. Sentimenduz betetako istorioa osatu du eurentzat.
Izaroren izarra argitaratu berri duzu Ibaizabal argitaletxeagaz. Umeek zer topatuko dute bertan?
Istorio oso gertu-gertukoa da. Protagonistaren hondartzako egun pasa bat kontatzen da, eta horretan egiten dituen aurkikuntzak. Zein ume ez da joaten hondartzara, eta zein umek ez du egin hondarrezko gaztelu bat? Adin horretan ingurumena eta ingurua ezagutzen doaz, eta orduan, berak itsasoarengandik ezagutzen ez zituen gauza batzuk ezagutuko ditu.
Eta istorio horren atzean zer dago? Umeekin zer lantzeko balio du?
Gehienbat ingurumena eta emozioak ezagutzeko istorio bat da. Sentimenduz betetako istorio bat da. Irakurleak ere biziko ditu protagonistaren haserrealdi eta pozaldi guztiak. Izaro nire bilobagaz pentsatuta asmatutako istorioa da, eta irakurle txiki jakintsu eta jakingura handiko guztiekin partekatu nahi dudana. Bukaera harrigarria dauka, espero ez den amaiera. Txikiek asko, sakon eta azkar ikasten dute, eta sekulako irakaspenak ematen dizkigute helduoi. Umeen begirada laƱoa, kutsatu gabea, berreskuratu beharko genuke nagusiok ere. Edo galdu ez.
Txikitatik umeekin emozioak lantzea garrantzitsua da. Literatura ere horretarako baliagarria da, beraz?
Orain arte gizarteak ere ez dio eman baliorik horri, eta orduan, hezkuntzan ere ez da egon hain txertatuta. Eta azkenean hori da gizakion alderik garrantzitsuena, nor izateko eta elkarregaz harremantzeko ere bai. Besteekin harremantzeko emozioak oinarri-oinarriak dira.
Itsasoa, natura, ingurumena. Begirada naturarekiko harreman horretan ere jarri duzun lehen aldia al da?
Idazleoi bizi duguna aterazen zaigu hortik edo hemendik. Agian aurrekoetan ere agertuko da, nik hori bizi dudalako. Baina, umeentzako literaturan fokoa ingurumenean jarri dudan lehen aldia da bai.
Ilustratzaileen lanak ere aberasten ditu argitalpenak. Aitziber Alonsoren irudiek osatzen dute liburua. Zuk gura zenuena islatzea lortu du?
Bai, oso gustura geratu naiz. Esaterako, azala oso deigarria da, eta lehenengotik asko gustatu zitzaidan. Oso garrantzitsua da ilustratzaileen lana. Aitziberregaz badaukat beste liburu bat, 10 urtekoei zuzendutakoa, beste bilduma batean. Bera aukeratu genuen kolore biziak nahi genituelako, eta Aitziber oso ona da animaliak, flora eta faunak marrazten. Bere kolore biziak gustuko ditut, eta istorio honetarako aukerakoa ikusi nuen.
“Umeen begirada kutsatu gabea berreskuratu beharko genuke nagusiok ere”
Haur literaturan, 2012an kaleratu zenuen zure lehen liburua: Mara eta izar saltzailea. Zer bilatu duzu haur literaturan?
Irakurleak topatu ditut. Benetako irakurleak. Liburu bakarra daukat nagusientzat, baina hemen sartu naizenean ikusi dut adin horretako umeak ze esker honekoak diren. Behartuta irakurtzen dute, baina, gero, eskoletara joaten garenean egiten ditugun saioetan ikusten dugu badaukatela interesa, eta gogoz irakurtzen dutela. Eman eta hartu egiten dugu. Umeek asko ematen dute. Plazara jauzia egin nuenean, ez nuen haur literaturara egin; Tigreak hondartzan helduen literatura da. Argitalpen prozesu hartan, argitaletxekoak bota zidan ideia haur eta gazteentzat idazteko. Eta proba egin nuen, eta hor nabil, oso gustura, batez ere 8-10 urte bitarteko adin horretan. Hau 0tik 6 urtera arte zuzendutakoentzat idatzi dudan lehen aldia da. Honek beste motibazio bat eduki du. Beste adin bat da, eta, agian, ez nuen pauso hau emango amona egin ez banindute.
Saioak aipatu dituzu. Hain zuzen ere, idazleontzat zuen lanak bertatik bertara aurkeztea, eta irakurleekin harreman zuzena edukitzea garrantzitsua da. Esaterako, Durangoko Azokak horretarako aukera ematen dizue urtero. Liburu hau bertatik bertara aurkezteko aukerarik edukiko duzu?
Liburu honekin aurten ez dut aukerarik edukiko. Durangoko Azoka beste era batera biziko dugu. Faltako dugu han standetan liburu artean ibiltzea. Lagun artean eta irakurleekin daukagun harreman hori faltako dugu. Aurtengoa beste era batera egin beharko dugu, eta datorren urterako utzi besarkadak. Eta azokako barruko eta kanpoko kaleetan elkar ikustea eta kulturaz gozatzea asko botako dut faltan. Hitzordu berezia da. Jendea azokan parte hartzera animatu nahi dut. Inoiz baino gehiago behar dugu sortzaileok. Komunikabideen bidez ez bada ezin dugu agertu gure lana.
Betiko moduan egin ez arren, eskaintza zabala ez da faltako.
Nahiz eta digitaletik izan beharko den, proposamenak betiko moduko aberatsak izango dira. Gure parte hartzea merezi du, eman dizkigun urte on eta aberasgarri piloengatik eta emango dizkigunengatik. Aurten ikasiko dugu era digitalean murgiltzen. Hori ere ona da. Ez dut uste dena digitalekin egitea ona denik; aurrez aurre sortzen denaren berdina ez da inondik inora. Ez da nahi duzun beste ematen eta jasotzen. Eta guretzat sortzaileentzat garrantzitsuena da beste aldean dagoen hori. Horrek bukatzen du gure lana; guk istorioa egiten dugu, baina hor bukatzen da lana, gurea ez denean, besteengana iristen denean.
“Sortzeko denbora badaukagu, baina erakusteko agertokiak desagertzen doaz”
Literatuta bakarrik ez, artea zentzu zabalean hartuta lantzen duzu. Zelan eragin dizu egun bizi dugun pandemia honek?
Alde batetik, oso ondo etorri zait eman didan denbora. Konfinamenduak eta abarrek eman didaten denbora ez dut edukitzen bizimodu normalean. Pandemia honek kezkak ere sortzen ditu, eta giroa ez da lasaia idazteko. Baina inoiz baino denbora gehiago daukat irakurtzeko eta idazteko, eta horretan nabil. Sortzeko denbora badaukagu, baina erakusteko agertokiak desagertzen doaz. Harremanak ere ahaztu egingo ditugu zelan eduki behar ditugun gure artean; harremanak asko aldatzen ari dira. Ez dakit zelan irtengo garen zulo honetatik. Kulturarentzako kolpe handia izan da. Batez ere, uste dut sortzeko denbora eman duela, animoso bazaude. Baina sortzaileak behar du beste aldean norbait edukitzea. Eta ez dakigu zer topatuko dugun.
Orain momentuan, zer darabilzu esku artean?
Jaurlaritzaren beka daukat gazteentzako literatura testuak sortzeko, eta horretan nabil. Apirilerako aurkeztu behar dut, eta saiatuko naiz liburua bideratzen. Arteari lotutako ipuin bilduma bat izango da. Zelan edo halan, ipuin denek ikutuko dute artea. Kolore desberdinetako ipuinak eta giro desberdinetakoak egin nahi ditut: fantasiakoak, poliziakoak… Gazteak literaturatik artera eta artetik literaturara erakartzeko ahalegina da. Gazteak pixka bat urruntxoago ikusten ditudalako hortik.