Ondarroa berriro ere gune gorriaren mugara hurreratu da
Azken 24 orduetan Ondarroan erregistratu dituzte positibo berri gehien (5). Datu horrekin, 100.000 biztanleko 454,02ko tasa dauka; 500etik aurrera gune gorrian sartuko litzateke. Ondarroaz gain, atzo [azaroak 17] Mutrikun, Lekeition eta Mendexan ere kasu berriak erregistratu zituzten.
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako 10 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun: Ondarroa (5), Lekeitio (2), Mutriku (2) eta Mendexa (1). Datu horiekin, Ondarroak 100.000 biztanleko 454,02ko tasa daukala ondorioztatu dute, eta, beraz, gune gorriaren eremura hurreratu da berriro. Lekeitiok eta Mutrikun gune gorrian egoten jarraitzen dute, 703,84 eta 937,38ko tasekin, hurrenez hurren.
Lehen aldiz urriaren 27an sartu zen Ondarroa gune gorrian. Bi aste beranduago, azaroaren 13an gune gorritik laranjara pasatu zen. Orain, ostera, berriro ere gune gorrira pasatzeko arriskuan dago.
Lurraldeka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo [azaroak 17] 14.929 proba egin zituzten, eta horietatik 1.050 positibo erregistratu zituzten (%7). Atzo, gainera, Bizkaian eta Gipuzkoan positibo kasu kopuru bera atzeman zuten (459); Araban 122 erregistratu zituzten.
Ospitaleratutakoei dagokienez, atzo, COVID-19aren eraginez 485 pertsona zeuden hiru lurraldeetako ospitaleetan ospitaleratuta (herenegun baino 2 gehiago). Horietatik 137 ZIUn zeuden (herenegun baino 4 gutxiago)
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du ahalegin kolektiboaren fruituak ikusten hasi direla, baina koronabirusaren egoerak zaila izaten jarraitzen duela. Dena dela, herritarrei neurriak betetzen jarraitzeko eskatu die. “Kutsatze gune gehienak aisi eta familia eremuetan gertatzen dira, hau da, pertsonak lasaiago egoten diren leku eta uneetan”.