Gol festa Zaldupen
Aurrerak 3-4 galdu du Gernikaren kontra. Liga hasiera honetan, talde indartsuenen kontra lan ona egiten ari direla azpimarratu du Ibon Lopez entrenatzaile ondarrutarrak.
Ondo jokatu arren, multzoko liderraren kontra ezin izan du garaipena lortu Aurrerak, 6. jardunaldian. 3-4 galdu zuen Gernikaren kontra Zaldupen, zapatu arratsaldean.
Partidu polita eta nahikoa irekia izan zen. “Guk gure aldetik, partidu nahikoa osatua egin genuen, baina egia esan, Gernikak erakutsi zuen talde oso ona daukala, jokalari oso onak ditu zelaian zein aulkian. 2.B mailan egoteko talde bat da. Halako taldeen kontra ez da erraza izaten hiru gol egitea. Sentsazioak onak dira. Talde handiei aurre egiten ari gara”, azaldu du Ibon Lopez Aurreraren entrenatzaileak.
Etxeko taldea indartsu hasi zen, gol aukerekin. Gernikak hegaletatik min handia egin zion. Bi taldeek aukera argiak eduki zituzten markagailua estreinatzeko, eta 16. minutuan talde gernikarra aurreratu zen, Ander Pachecoren golari esker. Alboko sake batean, eskuin hegaletik baloia hartu eta barrura arte sartu zen.
Partidua maldan gora jarri arren, etxekoek beharrean jarraitu zuten, goian aurkariei presionatzen, eta baloi asko lapurtzen. Eta halako batean heldu zen banako berdinketa, 41. minutuan. Fernandezek baloia ostu, Lejardik Praderari pase on bat eman, eta horrek ondo gurutzatu zuen atezainaren aurrean. Atsedenaldira sentzazio onekin joan zirela zehaztu du Lopezek: “Ikusi genuen Gernikak talde ona zeukala, baina aurre egiten eta aukerak edukitzen ari ginela”.
Bigarren zatian partiduan oso ondo sartu zen Aurrera, eta markagailuan aurretik jarri zen. 50. minutuan, Julen Fernandezek hegaletik jokaldi oso ona burutu eta atezainaren gainetik baloia loratuta gol polita sartu zuen. Gernikaren berdinketa etxeko taldearen huts egite baten ondorioz heldu zen. Area kanpoan Iraitzek ez zuen baloia ondo aldendu, Gernikak baloia bereganatu eta gola sartu zuen (65 min). Gol horrek min handia egin zion talde ondarrutarrari eta pixka bat behera etorri zen. Gainera, lau bat minutura bere hirugarrena egin zuen liderrak. Bi gol horiek Ale Hernandezek sartu zituen.
2-3ko markagailuagaz, berriro ere partiduaren bila joan zen Aurrera, baina, Gernikaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak, eta Hugo Cabanasek ez zuen hutsik egin (77 min). Orduan, arriskatzea erabaki zuen Lopezek; defentsa bat kendu eta aurrelari bat atera zuen, eta partiduaren bila joan ziren. Kontraeraso on batean, Manex Irizar 16 urteko gazteak egin zuen Aurreraren hirugarrena. Zaldupeko taldeak partidua berdintzeko aukerak eduki zituen. Azken jokaldian Irizarrek eskuturra apurtu zuen: “Animoak bidaltzen dizkiot talde guztiaren partez. 16 urtegaz, Hirugarren mailan bere lehen gola lortu zuen, eta azken jokaldian jausi eta eskuturra apurtu zuen”.
Gehiago merezi izan zutela pentsatzen du entrenatzaile ondarrutarrak: “Epailearen erabaki batek kalte egin zigula uste dut. Penaltiz etorri zen euren laugarren golean, gure defentsari baloia ostu zietenean, Josu Aldazabali falta egin zioten. Falta horren aurretik, jokaldi hartan ere, gure aurrelariari eginiko beste falta bat ez zuen adierazi. Erabaki horrek partidua asko baldintzatu zuela pentsatzen dut”. Oro har, liga hasiera honetan epaileak euren kontra hartzen ari diren erabakiekin ez daude ados: “Ez dakit igo berriak garelako edo zergatik, baina oso erraz hartzen dituzte gure kontrako erabakiak. Beste taldeen kontrako faltak adieraztea gehiago kostatzen zaie edo gehiago parkatzen diete”.
Bi puntugaz, denboraldiko lehen garaipena da Ondarroako taldearen erronka: “Egia da hasiera gogorra eduki dugula, bai arerioengatik eta gure egoeragatik. Aste honetan ere senior bakarra eduki dut aulkian, Mikel Carrascal, eta beste guztiak gazte mailakoak izan dira. Eta ez da erraza, aldaketak baldintzatuta ditugulako. Nahiz eta gazteak eduki, ezin ditut denak atera. Gutxienez zazpi senior egon behar dira zelaian, eta seigaz bakarrik geratzen bazara, partidua galdutzat ematen dizute. Baina, min hartutako asko eta kontra gauzak eduki, Gernikak kostata lortu zuen garaipena”.
Lehen jardunaldi hauetan aurkari gogorrak eduki dituzte, eta hurrengo asteetan “euren ligako” taldeen kontra ariko dira: “Horrek ez du esan nahi erraza izango denik, baina gure ligakoen kontra ea puntuak ateratzen ditugun eta lehen garaipena lortzen dugun. Min hartutakoak eta kanpoan ibili direnak errekuperatuko ditugu, eta hori ere garrantzitsua da”.