Spookypheria Productionsen 'Agur' film laburrak eraman du Kameratoia lehiaketako sari nagusia
Batez ere, lehiaketan emandako gaia eta argazkia film laburrean zelan sartu dituzten baloratu du epaimahaiak. 'Tentuz' eta 'Plastikozko haginak' dira beste bi saridunak.
Euskal Zine Bileraren baitan banatu dituzte aurten ere, Lekeitioko jaialdiak Euskaltzaleen Topaguneagaz batera antolatzen duen Kameratoia euskal ikus-entzunezkoen rallyko sariak. 26 film laburrek parte hartu dute 16. Kameratoian, eta epaimahaiak horrela aukeratuta, Spookypheria Productionsen Agur film laburrak eraman du lehenengo saria. Bigarren saria, berriz, Emeki Filmsentzat izan da, Tentuz filmagatik. Epaimahaia Aitor Arregi eta Izebeñe Oñederrak osatu dute, eta Ugaitz Alegriak aurkeztu zuen atzo [azaroak 22] egin zen sari banaketa ekitaldi berezia.
36 ordutan aritu ziren lanean parte hartzaileak eta 32 talde izan ziren izena eman zutenak, Euskal Herriko leku guztietakoak. Hala ere, azken txanpara 26 ailegatu ziren. Lan horiek guztiak ezagutzeko aukera egon da EZBren webgunearen bidez. Ikusleek gainera bozkatzeko aukera eduki dute aurten, eta horien saria ND3 taldearentzat izan da. Plastikozko haginak filmagatik eraman dute Ikuslearen saria.
Epaile jardutea esperientzia “polita” izan dela aipatu zuen atzo Aitor Arregi zinemagileak. “Sentsazioak oso onak izan dira. Ez dakit kasu asko egin diguten, baina ondo dago bakoitzak bere ahotsa edukitzea eta nahi duena kontatzea beti jartzen dituzun baldintzekin batera”. Epaimahai gogorra izan direla aitortu zuen, bestalde, Izebeñe Oñederrak. Kalitate guztietako lanak ikusi dituztela aipatu zuen, baina “oso dibertigarria” izan dela ikustea: “freskura handia ikusten da lanetan; gogo handiz egindako lanak dira”.
Aukeraketa. Emeki Films taldeak bigarren saria eraman zuen iaz, eta aurten ere “pozik” hartu dute sari hori . “Gai konplexu bati oso modu eraginkorrean egin diotela aurre” azaldu zuen Oñederrak, eta “istorio txikia, baina aldi berean gauza asko esan dituena” dela aipatu zuen Arregik.
Sari nagusia aukeratzerako orduan, batez ere, lehiaketan emandako gaia eta argazkia film laburrean zelan sartu dituzten baloratu du epaimahaiak; “oso natural geratzen dela azaldu zuen Arregik. Horrez gain, interesean gorakada bat daukan istorio bat kontatzeko ahalegina ere lortu dutela gaineratu zuen. “Teknikoki ere ahalegina ikusten da, edizioa eta grabaketa zaindu dituzuela ikusten da, eta plano bakoitza mimoarekin eginda dago. Gauza guzti horiengatik eta istorioak zerbait esan digulako eman dizuegu lehen sari hau”.
Bestalde, lo gutxi egin zuten arren, “oso esperientzia ona” izan dela adierazi zuten Ikusleen saria eraman duten ND3taldekoek.
SARIAK:
-
Lehenengo saria: Agur, Spookypheria Productions 1.000 euro, Durangoko Azokan ospatuko den Demasa lehiaketarako sailkapena eta 2021eko Laburbira zirkuituan parte hartzeko aukera.
-
Bigarren saria Tentuz, Emeki films, 600 euro.
-
Ikuslearen saria: Plastikozko haginak, ND3 taldea, Lekeition asteburu pasa.