Auzoen konponketak berrabiarazi ditu Lekeitioko Udalak
Basoaldea, Antiguako Ama, Karmengo Ama eta Basotxo kaleetako iriste erreztasuna eta beste auzo batzuekiko loturak hobetuko dituzte. Aldamiz Etxebarria eta San Inazio kaleetako argiteria aldatuko dute.
COVID-19 pandemiak eragindako osasun larrialdi eta kalte ekonomiko eta sozialek eragina eduki dute Lekeitioko Udalak 2020rako aurreikusita zeukan aurrekontuan. Jakitera eman dutenez lehentasunak aldatu behar izan dituzte eta egitasmo eta programa batzuk atzeratu behar izan dira, “lekeitiarren oinarrizko beharrizanei erantzuna emateko”. Hori dela eta, proiektu batzuk geldirik egon dira, baina apurka-apurka proiektuak berreskuratzen eta berrabiarazten hasi da udala, horien artean, auzoen konponketari dagozkionak.
Lekeitioko auzoetan hainbat berrikuntza egiteko asmoa dauka udalak. Besteak beste Basoaldea, Antiguako Ama, Karmengo Ama eta Basotxo kaleetan iriste erraztasuna eta beste auzoekin dituzten loturak hobetzeko lanak egingo dituzte. “COVIDa dela eta, proiektuaren idazketa prozesua etenda gelditu zen baina, udazkenarekin batera, berriro ekin zitzaion aurreproiektuaren azterketari, urte amaierarako proiektua guztiz bukatuta edukitzeko”, argitu dute. Beraz, proiektua urte amaierarako amaitu eta datorren urtean lanekin hastea da udalaren asmoa. “Proiektu honetan kalearen iriste erraztasuna, inguruarekiko konexioa eta urbanizazioa bera hobetzea jasoko da”.
Auzokideekin harremanetan egongo direla ere azaldu dute, horien ekarpenak jasotzeko.
Argiteria. Bestalde, herriko hainbat auzotan argiteria hobetzeko lanak egin ditu azken urteetan udalak. Alde zaharreko kaletan argi sistema aldatu ondoren, orain Aldamiz Etxebarria eta San Inazio kaleetan egingo dituzte lan horiek. “Erabiltzen den energia ahalik eta eraginkorrena izateko, kaleetako argiteria egokituko da faroletan led sistema berria jarriz”.
Lan horretarako lizitazioa urriaren 30eko osoko bilkuran onartu zuten, eta datorren urtean hasiko dituzte lanak. “Aurtengo aurrekontuetan sartu dugu auzoaren zati handi bateko argiteria aldatzeko zenbatekoa eta geldituko litzatekeen beste zatitxoa datorren urteko aurrekontuetan sartuko dugu”. Horrela, 2021eko lehen hilabeteetan egingo dute auzoaren zatirik handiena, eta iraila eta gero, faltako dena.