Benito Ansola Sariko lana aurkeztuko du Euskal Zine Bilerak
Oier Fuentes zinegileak bere lanaren berri emango du 'work in progress' moduan. Lehiaketako beste bost film laburren emanaldia egongo da ondoren.
Lehiaketaz kanpoko film bategaz hasi zen atzo [azaroak 23] Euskal Zine Bileraren Lehiaketako filmen emanaldia. 20 urtegaz Boisera artzain joan zen Aulestiko Jorgeren bizipenetan oinarrituta, AEBra artzain joaten ziren euskaldunen bizimodua azaltzen du Ameriketara artzain izeneko filmean Basokolorak taldeak –Amets Aldazabal, Paula Kareaga, Julen Lanz eta Naroa Zabala–.
Film horren ondoren eman zituzten ezagutzera 43. EZBren lehiaketako lehen lau filmak: 1997 urtean Usurbilgo Troya auzoan gertatutako uholdeari buruzko Peru Galbeteren Ura sartu zen barrura film laburra; sare sozialen atzean dauden maskaren inguruan ari den Egoitz Diaz eta Unai Portillaren IXA: Prosopon filma; Ximun Fuchs, Manex Fuchs eta Eñaut Castagneten Nire eguneroko maitea, Euskal Herriko gatazka armatuak bere inguruan eragindakoa ulertzeko 6 urteko neskatxa batek bere hitzetan eta bere ikuspuntutik berreraikitako bere bizitzako kontakizuna, eta azkenik, emakumea izatea zer den jorratzen duen Nora Alberdiren Bigarren Sexua (z), collagea lana.
Gaur [azaroak 24], beste bost film ikusteko aukera egongo da:
- Ander Iriarteren Emarri (12’)
- Maria Elorza eta Koldo Almandorren Quebrantos (8’)
- Ekain Albiteren Haizearen egia (22’)
- Paul Urkijoren Dar-Dar (10’)
- Leire Ikaran ondarrutarraren Iqhara (3’).
Atzoko modura, sortzaileekin solasaldia egongo da emanaldiaren ondoren. Xabier Arrate EZBren koordinatzaileak gidatu zuen atzoko saioa, eta Unai Portilla, Egoitz Diaz Ibargoitia, Peru Galbete eta Manex Fuchs egileek parte hartu zuten euren lanen nondik norakoak azalduz.
Gaur, gainera, Euskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin ematen duen Benito Ansola Saria irabazi zuen Oier Fuentes zinegileak bere lana aurkeztuko du work in progress moduan, eraikitzen ari den lana eta bere sorkuntza prozesua ezagutzeko bidea emanez. Beraz, 19:00etan hasiko da gaurko emanaldia eta jaialdi osoa bezala EZBren webgunean egongo da ikusgai.