Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko argazkiak atera dituzte hainbat herritan
Besteak beste, Ziortza-Bolibarren, Aulestin eta Markina-Xemeingo eta Ondarroako Helduen Hezkuntzarako Ikastetxeko kideek atera dituzte talde argazkiak. Etxebarrian eta Gizaburuagan ere Euskaraldiarekin bat egiten dutela agertzeko argazkia atera dute.
Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko, Lea-Artibai eta Mutriku mailan asko izan dira talde argazkiak atera dituztenak. Ziortza-Bolibarren (1. argazkia), esaterako, barikuan batu ziren herritarrak, plazan; izena emateaz batera, talde argazkia atera zuten 40 herritar inguruk.
Gizaburuagan ere Euskaraldiari ongietorria emateko talde argazkia atera zuten domekan [azaroak 22]. 30 lagun inguru batu ziren herriko plazan argazkia ateratzeko. “Ariketak iraungo duen hamabost egunetan ez ezik, gainerako egunetan ere euskaraz egiteko deia luzatu nahi izan dugu argazkiagaz”.
Aulestin bestelako ekintza egin zuten. Izan ere, herriko Arigunea pizteko ekintza egin zuten. Plazan batuta, Arigunea argiztatzeko ekintza egin zuten. Horrekin, herri mailako Arigunea abian dela agertu zuten.
Bestalde, Markina-Xemeingo eta Lekeitioko Helduen Hezkuntzako Ikastetxean ere Euskaraldiarekin bat egin dutela adierazteko talde argazkiak atera eta irudi muntaia egin zuten (behean).
Ondarroako Helduen Hezkuntzako Ikastetxeko ikasleak, berriz, Beikozini aretoan egin zen Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldian egon ziren. Ekitaldira gonbidatu zituzten ikasleek talde argazkia atera zuten.
Lekeition ere Lekitto Bedarreko kideek Euskaraldiarekin bat egin, Arigunea direla esan eta Usotegira hurreratzeko gonbitea egin dute, bideo bidez (behean).
Etxebarrian ere ekimenagaz bat egiten dutela adierazteko ekintza egin zuten barikuan [azaroak 20] frontoian. Euskaraldiaren aurkezpena egin zuten, lehenengo, Idoia Odriozola Lejardi eta Iraide Baskaran Uranga zinegotziek, Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu eta herriko ariguneen berri eman zuten bien artean. Ondoren, euskara eta herrigintza oinarri duten film laburren emanaldiaz gozatzeko aukera eduki zuten etxebarritarrek. Guztira bost film labur eman zituzten, tartean Laburbira Euskarazko film laburren zirkuituko Elemakarrak eta Mamarro, eta guztien xehetasunak ezagutzeko aukera ere eduki zuten Ibon Iza zinemagilearen eskutik.