Ondarroako Institutuko ikasleek irabazi dute Beldur Barik lehiaketako sari nagusia
Epaimahaiak ondarrutarrek igorritako mezu eraldatzailea eta proaktiboa azpimarratu nahi izan du.
Emakundek antolatutako 11. Beldur Barik lehiaketaren hiru kategorietako sari nagusietako bat irabazi du Ondarroako Institutuko ikasle talde batek egindako lanak. Zehazki, Batxilergo 1. mailako Haizea Basterretxea, Maddi Aranburu, Itxasne Gandiaga, Aritz Gimeno, Jon Revuelta, Niko Arrizabalaga eta Nerea Etxaburuk egindako Lerro berrien artean lana 14 eta 18 urte bitartekoen kategoriako onena izan da. Lanari esker 400 euroko saria irabazi dute.
Epaimahaiak ondarrutarrek igorritako mezu eraldatzailea eta proaktiboa azpimarratu nahi izan du. “Lan honetan gazte ondarrutarrek ederto islatu dute euren egunerokotasunean bizi dituzten genero-rolen eta estereotipoen eragina eta mikromatxismoak. Baina, batez ere, oso mezu eraldatzailea eta proaktiboa bota dute eta ikuslearen arreta deitzea lortu dute, sexismoarekin amaitzea guztion lana dela argi utziz”.
Barikuan [azaroak 20] egin zuten sari banaketa ekitaldia Donostian. Osasun egoera dela eta, Internet bidez egin zuten ekitaldia. Epaimahaikideek azaldu dutenez, aurtengo lan irabazleek genero rolak eta estereotipoen haustura, emakumeen ahalduntzea eta gorputzen aniztasuna moduko gaiak landu dituzte. Gaineratu dutenez, lan saridunek Beldur Barik jarrera ondo islatzea lortu dute, eta horietan jaso diren mezuak argiak eta zuzenak izan dira. “Gehienak taldeko lanak izan dira, eta horrek hausnarketa prozesuak elkarbanatu direla esan nahi du”.
Egoera zelakoa den ikusita, parte hartzea altua izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. 200 lan baino gehiago jaso dituzte, horietako gehienak taldean egindakoak. “Horrek adierazten du Beldur Barik erreferente finkatua dela gazteen artean”. Ondarroatik, esaterako, herriko lau taldek parte hartu dute lehiaketan; denek ere 14 eta 18 bitarteko kategorian parte hartu dute.