Preso eta iheslariak etxeratzeko eskatu dute Ondarroan eta Lekeition
'Bidea gara, bidean gaude' lelopean mobilizazioak egin dituzte asteburuan. Lekeition burrunbada egin dute eta mosaikoa osatu Ondarroan.
Asteburuan Bidea gara, bidean gaude lelopean mobilizazioak egin dituzte hainbat herritan, Izan Bidea dinamika plazaratu eta ahalik eta herritar gehin dinamikara batu asmoz. Ekintzak ugariak eta mota astakoak izan dira, baina guztiak ere norabide berean egin dituzte. “Herritarren aktibazioa piztu eta preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jarri eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko”.
Lea-Artibai eskualdean, esaterako, Lekeition eta Ondarroan egin dituzten ekintzak. Salbuespen espetxe politikagaz amaitzea eskatu dute ekintzekin. Lekeition, esaterako, burrunbada egin zuten zapatuan [azaroak 21]. Zehazki, 21:24ean argiak itzali eta sei minutuz burrunbada egin zuten zuten presoen alde.
Ondarroako Sarek egindako deialdiari erantzunez, ostera, mosaiko jendetsua osatu zuten domekan [azaroak 22] Ondarroan. Itsasaurre plazan dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin zuten. Amaitzeko, giza katean Arrigorri hondartzara abiatu eta 100 laguneko mosaikoa osatu zuten presoen eta iheslarien etxeratzea eskatzeko.
Deitzaileek azpimarratu zutenez, preso eta iheslariak etxeratzearen alde indarrak batzeak berebiziko garrantzia dauka. “Ondarrutarrok etenik ez dugu hartu preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko borrokan. Pandemiak asko gogortu du espetxeetako egoera, eta sekula baino garrantzitsuagoa da ahalik eta herritar gehienon indarrak batzea. Denok gara bakea, elkarbizitza eta etxeratzea lortzeko bidean beharrezkoak”.