Atzo 8 sailari hasiera emango dio Euskal Zine Bilerak
Ondare zinematografikoa jaso eta ezagutzera emateko bidean zazpi film emango dituzte EZBren webgunearen bidez. Lehiketako filmen emanaldia egongo da ondoren.
43. Euskal Zine Bilerak gaur [azaroak 25] emango dio hasiera Atzo 8 sailari. Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen duten egitasmoaren helburua ikus-entzunezko ondarean arakatu, ondare hori berreskuratu eta iraganeko lanak eta sortzaileak ezagutzera ematea da.
Ondare zinematografikoa jaso eta ezagutzera emateko bide horretan zazpi film emango dituzte EZBren webgunearen bidez, 18:30etik aurrera: Maria Jesus Tatus Fombellidaren Gure Herria VIII – Errota (1981), Gure Herria VII – Aizkora (1982), Gure Herria IX – Otarra (1982), Gure Herria I – Kaiku (1977), Jose Luis de la Torre Agirreren Txikot egileak, Benito Ansola Erkiagaren Itxas-ontzigintza Lekeition eta Jose Luis de la Torre Agirreren Gure itsasoa.
Lehiaketako filmak. Bestalde, Euskal Zine Bileraren Lehiaketako beste bost film ikusteko aukera egongo da, ondoren: Iñigo Jimenezen Zubiye (11’), Bego Vicarioren Ehiza (5’), Maider Oleagaren Ikusmugak (12’), Imanol Gonzalezen Nigandik (15’), Iñigo Kintanaren Poesia fikzioa da (3’). Eta, ondoren, zuzeneko solasaldia egongo da sortzaileekin emanaldiaren ondoren. Ikusleek euren botoak eman ahalko dituzte, egun bakoitzeko film saioa ikusi ostean.
Benito Ansola Beka. Gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoizten laguntzeko Euskaltzaleen Topaguneak Benito Ansola Saria ematen du bi urtetik behin. Iaz Oier Fuentesek lortu zuen beka, eta aurtengo EZBn aurkeztu behar zuen proiektua. Baina aurtengo egoera berezia dela eta, Fuentesek ezin izan du lana garaiz amaitu. Hala ere, proiektua zelan eramaten ari den aurrera azaldu zuen atzo [azaroak 24] EZBren webgunearen bidez.
Emisio etena izeneko proiektuak Nafarroako Arantza herrian Frankismo garaian egon zen euskarazko irrati bat dauka oinarri. Fuentesek azaldu zuenez, Euskarazko irrati bat sortu zuten bertako bi apaizek, Jabier Arburuak eta Esteban Irigoienek. “Irratiak bost urte iraun zuen, eta euskara hutsean emititzen zen azken emisorea izan zen”. Hari horretatik tiraka hasi zen prestatzen datorren urteko EZBn bileran aurkeztuko duen lana.
Oier Fuentesen aurkezpenaren ondoren eman zituzten atzo lehiaketan parte hartu zuten bost film laburrak: Emarri emakumeen giza-proba taldeari buruz Ander Iriartek egindako Emarri; Maria Elorza eta Koldo Almandorren indarkeria matxista eta aldentze neurriei buruzko Qubrantos; Ahazten ari den saharar herriaren aurrean, ahaztu nahi ez duen gazte sahararraren istorioa kontatzen duen Ekain Albiteren Haizearen Egia; Dar-dar Euskal elezahar bateko demonioan oinarritzen den Paul Urkijoren Dar-Dar beldurrezko film laburra eta Leire Ikaran eta Beñat Bidegain ondarrutarren Iqhara, baserriko lanaren eta batez ere, baserriko emakumeen desagerpena islatzen duen filma.
Sortzaile guztiek parte hartu zuten ondoren, Aitor Abaroa kazetariak gidatutako solasaldia. Filmen nondik norakoak egileengandik ezagutzeko aukera bidea eman zuen mintzaldiak.