Herritarrak kalera atera dira, indarkeria matxistarekin amaitzeko exijitzeko
Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, beste behin ere hainbat herritako plazak aldarrikapenez bete dira. Horrez gain, datozen egunetan ekintza gehiago ere egingo dira, hemen herriz herriko egutegia.
Mendexan, adibidez, goizean egin dute elkarretaratzea. Baita ere Mutrikun, baina azken horretan eguerdian udal langileek eta zinegotziak batu dira Goiko Plazan; iluntzean herritarrek egin dute elkarretaratzea, Goiko Plazan baita ere.
5.518 kasu erregistratu. Emakunderen 2019ko txostenak jasotzen duenez, iaz Ertzaintzak emakumeen aurkako 5.518 indarkeria kasu erregistratu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 4.419 emakumeri eragin zien. Horietatik %70,11k bikotekide edo bikotekide ohien indarkeria matxista pairatu dute , %20,34k familia eremuko indarkeria matxista jasan dute (bikotekideak ez diren familiako beste gizon batzuek eragindakoa) eta %9,55ek familiatik kanpoko sexu indarkeria jasan dute.
EKINTZAK:
- Ondarroa:
- Eguenean (azaroak 26), 19:30ean, Beikozinin, Aldatzen laguntzen antzerki taldearen Birritan bortxatua antzezlana. Oharra: gonbidapenak aurretik jaso behar dira Etxelilan.
- Barikuan (azaroak 27), 18:00etatik aurrera, Etxelilan, Beldur Barik lehiaketako sari banaketa.
- Amoroto: Barikua (azaroak 27): 18:30ean, hitzaldi- tertulia, kultur etxean: Indarkeria matxista herri txikietan. Egoera eta baliabideak. Arantza Bengoetxearen eskutik (Lea Ibarreko Mankomunazgoko Zerbitzu Juridikoko abokatua).
- Aulesti: Domekan (azaroak 29), 11:00etan, erabilera anitzeko gelan, Kontrako eztarritik liburuaz ariko dira, Txoko Morean. Nerea Ibarzabal egongo da. Aulestiko Mugimendu Feministak eta Aulestiko Berdintasun Batzordeak antolatuta.
- Etxebarria: Domekan (azaroak 29), 18:00etan, Sasiak eta haziak dokumentala, probalekuan. Emare talde feministak antolatuta.
- Markina-Xemein: Domekan (azaroak 29), 18:30ean, Birritan bortxatua antzerkia, Uni frontoian, doan. Aforo mugatua. Sarrerak: udaletxeko Berton bulegoan, 08:15etik 14:30era.
- Munitibar: Abenduaren 4an (barikua) hitzaldi-solasaldia, udal aretoan. Arantza Bengoetxea abokatuaren eskutik, Lea-Ibarrako baliabideak indarkeria matxistaren kontra.