Kalean da 'Sukar-ametsak', Nabilen diskorik "unaiena eta egiazkoena"
Hasieratik, Unai Egia lekeitiarraren proiektua izan da Nabil musika taldea. Orain, baina, bakarkako bideari ekin dio, eta aro berria 'Sukar-ametsak' izeneko sei abestiz osatutako lan berriagaz hasi du.
Naturaren lau elementuen izenburua zeramatzaten lanak argitaratu eta gero, Nabil taldeak 2019ko otsailean argitaratu zuen azken lau lanak biltzen zituen bosgarren lana: Eter. Orain, baina, taldeak bestelako bide bati ekin dio, eta Unai Egia proiektuaren sortzaileak bakarkako bideari ekin dio. Eta hor kokatzen da argitaratu berri duen sei abestiz osatutako iraupen laburreko lan berria: Sukar-ametsak.
«Eter diskoa prestatzen ari ginela, ni abesti batzuk egiten hasi nintzen. Eta hain zuzen abesti horiek dira Sukar-ametsak lanean sartu ditudanak. Ikusita taldeko kide batek taldea utzi behar zuela eta, bakarkako bideari ekitea eta kaxoian gordeta nituen lan horiei forma ematea bururatu zitzaidan». Dioenez, gordeta zituen abesti horiek ez dira rock formatukoak, bakarkako formatukoak baizik. «Bonbo bategaz, gitarra akustiko eta elektrikoagaz eta hankako panderoagaz, bakarkako bideari ekitea pentsatu nuen».
Diskoa ere instrumentu horiekin grabatu duela dio. «Horrek esan nahi du zuzenekoan ere nahikoa antzera entzungo dela. Zuzenekoei fidela izan naiz. Abestiei garrantzia eman nahi izan diet, eta ez beste elementuei». Gehienetan jendea soinuarekin konturatzen dela dio, baina berak abesti biluziak egin nahi izan dituela azpimarratu du. «Energia guztia abestietan ipini dut. Soinua ondo dago, baina alde horretatik ez naiz konplikatu». Nahasketak Iraun Urkaregiren Bedroom Studios-en egin ditu, eta emaitzagaz gustura geratu dela dio.
«Etapa berria gauza berri batekin hasi nahi izan dut». Oro har, ‘Sukar-ametsak’ Nabilen «diskorik unaiena eta egiazkoena» dela dio
«Letra intimoak». Lan berriaren deskribapenean bele bakarti bat bailitzan deskribatu du Egiak bere burua. «Nabil rock talde bat izan bada ere, hasiera-hasieratik da nire proiektua. Orain, baina, bakarka jarraituko dut, eta beleak bide horri egiten dio erreferentzia».
Soinua eta estetika ere aldatu egin dituela dio. «Etapa berria gauza berri batekin hasi nahi izan dut». Oro har, Sukar-ametsak Nabilen «diskorik unaiena eta egiazkoena» dela dio. «Soinu bakeroagoak ditu lan honek, eta letrak ere oso intimoak dira».
Besteak beste, bere amonaren omenezko abestia eta seme-alabentzako mezuak daramatzana sartu ditu azken lanean. «Etorkizunera begira argazki bat atera nahi izan dut, eta urteak pasatu eta gero norbaitek entzuten badu, ba hor egongo dira mezu horiek». Dena dela, bestelako abestiak ere jaso dituela dio.
Lanari izena jartzen dion abestiaren bideoa egiterakoan, gainera, senide baten laguntza eduki du Egiak: Iñigito Txapelpunk. «Abesti horrek isolamendua, bakardadea, berriro hastea, bizitzen ikastea… jasotzen ditu». Abestia egiten amaitu zuenean, naufrago baten irudiekin bideoan ondo geratuko zela pentsatu zuen. «Hasieratik ez neukan pentsatuta Iñigitok parte hartzea. Baina, egia esan, ez nuen inor hoberik aurkituko».
Elkarrekin gustura lan egiten dutela dio, baita Aitor Zugadi bideoaren egileagaz ere. Iñigitok, gainera, dena eman zuela dio. «Grabaketan dena egiteko prest zegoen. Benetako zauriak ere egin zituen, eta uda osoan bizarragaz egon zen. Asko inplikatu da».
Bideo bidez erakusteko. Momentuz zuzenekoetarako aldarterik ez badago ere, non edo non zuzenean jotzen grabatu eta hori Internet bidez eskaintzea pentsatuta daukala dio. «Uste dut gizon-orkestra formatu hori ikusgarria izan daitekeela, eta bideo bidez erakustea posible da».
Beraz, sare sozialei adi egon beharko da Nabilen bakarkako lan berria zuzenean ikusi eta entzuteko. Bien bitartean, sei abestiak Nabilen webgunean eta bestelako plataforma digitaletan ere entzungai daudela gaineratu du.