Alex Txikonen 'Mendi Biluzia' filma aurkeztuko dute EZBren baitan
Emanaldi bakarra eskainiko dute Ikusgarri aretoan bertan. Josu Eizagirre ondarrutarraren 'Konfinamendua' filma emango dute EZBren lehiaketaren atalean, eta Zinegoak jaialdiari ere egingo dio tartea Lekeitioko bilerak.
Alex Txikonek Nanga Parbatera neguan egindako igoera eta gailurra kontatzen dituen Mendi Biluzia filma ikusteko aukera egongo da bihar [azaroak 27] Euskal Zine Bileraren baitan. 70 minutu inguruko film luzea Txikonek berak ekoiztu eta zuzendu du, eta 2016ko Nanga Parbaten (Karakorumeko mendikatean, Asian) egin zuen gailurra kontatzen du; ordura arte neguan inoiz lortu gabeko balentria.
Mendizale bizkaitarrak konfinamenduan landu zuen filma oso proiektu pertsonala dela adierazi du. Filmeagaz batera landu zituen izenburu bera daraman eta lorpena oraindik xehetasun gehiagogaz kontatzen duen liburua ere.
Alex Txikonen filmaren emanaldia izango da Euskal Zine Bilerak Zinemazaleen elkarteagaz elkarlanean, Lekeitioko Ikusgarri aretoan eskainiko duen bigarren ekimena. Emanaldi bakarra eskainiko dute, 19:00etan, euskaraz, eta sarrerak Zinemazaleen webgunean, Zerbyte dendan eta ikuskizuna aurretik leihatilan eskuratu ahalko dira. Aurreratu dutenez, gainera, 18:30etik aurrera bere liburua sinatzen ariko da Txikon.
Zinegoak. Bestalde, EZBk gaur [azaroak 26] estreinatuko duen Pantaila Irekia atalean Zinegoak jaialdiari egingo diote lekua. Bilboko Gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoetako jaialdiaren nondik norakoak ezagutzeko parada emango du horrela Lekeitioko bilerak. 19:00etan Zinegoak jaialdiari buruzko erreportaje bat emango dute, eta 22:00etan, Zinegoak festibalak proposatutako euskal filmeen aukeraketa bat: David Agilarren Mara Mara (46’), Ainhoa Artetxeren Homoamak (7’) eta Kepa Errastiren Aitona Mantangorria (20’).
Lehiaketa. Horrez gain, EZBren lehiaketako filmen emanaldia ere egongo da EZBren webgunean 19:30ean. Lehiaketan parte hartzen duten azken bost filmak emango dituzte, tartean Josu Eizagirre ondarrutarraren Konfinamendua (5’). Informazio gehien dugun aroan desinformazioa dela nagusi azaltzen du Eizagirrek bere lanaren bidez, eta politikarien lehentasunak agerian daudela dio. Ordea, jendeak ez duela inoiz jakingo zer gertatu den eta mundua zerk aldatu duen.
Hauek izango dira lehiaketan parte hartuko duten azken bost film laburrak:
- Josu Eizagirreren Konfinamendua (5’)
- Maddi Barberen Gorria (22’)
- Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren Irten barrura (12’)
- Oier Gilenen Oreka (3’)
- Xabier Larrazabalen Maite (15’).