Bego Vicarioren 'Ehiza', 43. Euskal Zine Bilerako filmik onena
Gaur [azaroak 28] iluntzean eman dituzte ezagutzera 43. Euskal Zine Bileraren lehiaketako irabazleak. 'Irten barrura' eta 'Nigandik' film laburrek ere eraman dituzte sariak.
43. Euskal Zine Bilerak baditu irabazleak. Gaur [azaroak 28] iluntzeko ekitaldian eman dituzte ezagutzera aurtengo irabazleak. Film onenaren saria Bego Vicarioren Ehiza filmarentzat izan da. Epaileek nabarmendu dutenez, “proposamen ausarta eta animazio lan ikusgarria” da, errotoskopia teknika “maisuki” erabiltzen du, eta film osoan “erritmo bikaina” mantentzen du. Hortaz, Vicariori eman diote 43. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.
Zuzendaritza onenaren saria Aitor Mendilibar eta Ibon Goikok eraman dute, Irten barrura filmagatik. Epaileek nabarmendu dutenez, “begirada berezi eta erakargarria” aurkezten duen filma da. Irabazleek 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra lortu dituzte.
Gidoi onenaren saria, berriz, Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik lanarentzat izan da. “Isiltasun eta begiradekin errealitate garden bat aurkezten du filmak, eta naturaltasun handiz, familia arteko harremanak adierazten ditu”, azpimarratu dute epaileek. 1.600 euroko saria eta Zilarrezko Antzarra eraman ditu.
Azkenik, ikusleek, astean zehar emandako botoekin erabaki dute EITB Ikusleen sariaren irabazlea. Ikusleek bat egin dute epaileen iritziagaz, eta Nigandik filmak jaso ditu boto gehien. Gehieneko 5 puntutik 4,61 lortu dituela zehaztu dute zine bilerako arduradunek. Nigandik filmak, beraz, Ikusleen saria ere eraman du: Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.
Era berean, epaileek aipamen berezia egin diote Ekain Albiteren Haizearen egia filmari, saharar eta euskal kulturaren arteko talka hain ondo azaltzeagatik. Filmak “begirada lausotua” aurkezten duela azpimarratu dute, “flashback eta narratiba tenporala bikain nahasiz”.
EZBren Begirada. Ekitaldi berean omendu du Lekeitioko jaialdiak Pascal Gaigne musikaria. Euskal zineman egin duen ekarpena aitortu eta bere lana ezagutzera eman nahi izan dute. La Trinchera Infinita, Dantza, Handia eta Errementari film ezagunetarako konposaketak egin ditu Gaignek azken urteetan. Bere ibilbidea hobeto ezagutzeko, Aitor Abaroa kazetari lekeitiarrak egindako erreportaje bat eskaini dute. Elkarrizketa ikusgai dago zine bileraren orrialdean.
Bihar, azkena. EZBren lehiaketako irabazleak gaur ezagutzera eman badituzte ere, programazioagaz jarraituko du zine bilerak bihar [azaroak 29] arte. Hainbat proposamen prestatu dituzte biharko: 16:00etan Eragileak Solasean saioa jarraitu ahalko da, Euskal Zine Bileraren, Zineginen, (H)emen elkartearen, Gastibeltza Filmaken eta Zine-Laben parte hartzeagaz, eta jarraian, ikus-entzunezkoek Euskal Herriko gatazka zelan kontatu duten aztertuko dute Urtzi Urkizu Berriako kazetariaren gidaritzapean. Palmaresaren emanaldiagaz amaituko da aurtengo bilera; 19:00etatik aurrera 43. EZBren lan irabazleak ikusgai egongo dira.