Gabonetan gehienez bilkurak hamar lagunekoak izatea proposatuko du Jaurlaritzak
Eguazteneko lurralde arteko bileran herrietatik ateratzeko debekua kentzea eta egun horietan antolatuko diren ekitaldi guztiak bertan behera uztearen alde egin du Gasteizko gobernuak. Abenduaren 24ko eta 31ko gauean 01:00etarako etxeratzeko agindua eman nahi du.
«Ondo goaz, baina ez gaude ondo». Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako sailburuak nabarmendu du bilakaera epidemiologikoa beherantz badoa ere, ospitaleetako presioa «handia» izaten jarraitzen duela. Horregatik, urte amaierako ospakizunei begira, Eusko Jaurlaritzak eguaztenean [abenduak 2] egingo den lurralde arteko bilerari begira, neurriak adostea begi onez ikusten du eraginkorrago izateaz gain, pedagogia hobetuko duelako.
Babes Zibileko Planaren (LABi) Aholku Batzordea batu da gaur [azaroak 30], eguazteneko bilerarako proposamenak adosteko. Bertan, egungo egoera aztertu ostean, LABik ondorioztatu du urriaren 26an zein azaroaren 6an ezarritako “neurriak egokiak” izan zirela, baina oraindik ere azken hamalau egunetako intzidentzia handia izaten jarraitzen duela.
Uneotan arreta handia hartzen dute Gabonetako ospakizunek, eta horri begira, Jaurlaritzak ohartarazi nahi izan du Gabonak ez direla parentesi bat: «Gabonek ez dute immunitaterik ematen». Eguaztenean [abenduak 2] egingo den bilera horretan, Jaurlaritzak proposatuko du prebentzio neurri batzuk adostea: abenduaren 24ko eta 31ko gauean, etxeratzeko agindua zertxobait luzatzea, 01:00ak arte (Nafarroako Gobernuak proposatu bezala); halaber, abenduaren 24ean, 25ean, 31ean, urtarrilaren 1ean eta 6an gehienez batu daitezkeen pertsona kopurua seitik hamarrera handitzea proposatzen du. Kazetariek galdetu diote zergatik hamar lagun eta ez sei orain arte bezala. Sagarduik erantzun du erkidego batzuk 10 pertsonako muga jarrita dutela, baina «negoziatzeko prest» daudela.
Gainera, Gabonetako ekitaldi guztiak bertan behera uztearen aldekoa da Gasteizko gobernua. Laneko eta ikastetxeetako bilkurak ez egitea hobesten du Jaurlaritzak, eta, Sagarduiren arabera, «egingo balira», taldeak gehienez sei pertsonakoak izan beharko direla gogorazten du. Halaber, ospakizuna egiten den jatetxeko edo egoitzako baldintzak bete beharko lirateke.
Eguazteneko bileran herrietako edo erkidegoetako konfinamendua kentzea proposatuko du Jaurlaritzak
Sagarduiren arabera, Gabonetan prebentzio neurriek bere horretan jarraitu behar dute. Horregatik, maskarak jartzea, eskuak garbitzea, distantziak gordetzea eta kontaktuak murrizteko aholkatzen du. Azken egunetako jende pilaketak eman ez daitezen, erosketak aurretik egitea iradokitzen du. Gainera, etxekoak ez diren pertsonekin harik eta gutxien biltzeko eskatzen du eta mugikortasuna ahalik eta gutxien murrizteko ere bai.
Jaurlaritzak proposatuko du herrietako edo erkidegoetako konfinamendua kentzea. Sagarduiren arabera, Jaurlaritzaren irizpidea da neurriok kontsentsuz hartzea, baina bilakaera epidemiologikoaren arabera, saltoki zein azoketako, ostalaritzako edo zahar etxeen inguruan erkidegoek ahalmena izatea neurriak moldatzeko.