Edukiontzientzako gunea tokiz aldatzeko lanak egiten hasi dira Gizaburuagako Lariz auzoan
Bide batez, auzorako sarrera eta irteera hobetuko duen irlatxoa ere egiten ari dira.
Gizaburuagako Lariz auzoan zeuden zaborren edukiontziak tokiz aldatzeko lanak duela bi aste hasi zituzten eta egunotan amaitzea aurreikusten dute. Udalak aspalditik zuen obra egiteko nahia, eta orain gauzatu ahal izan dute. “Luzatzen joan da, baimenak falta ziren eta”, azaldu du Amaia Zabala Gizaburuagako alkateak. Edukiontziak, duela gutxi arte, errepide ondoko bidegurutzean egon dira, eta horrek “arazoren bat edo beste” eragin die auzotarrei. Zabalaren esanetan, ez zegoen edukiontzientzako nahikoa tokirik, eta horrek auzotik errepidera irten behar zuten askoren ikusgaitasuna ere oztopatzen zuen.
Lehen zeuden tokitik 25 bat metrora ipini dute edukiontzientzako gune berria, autobus geralekua dagoen tokia baino zer edo zer aurrerago, hain zuzen. “Bereizle hidrodinamiko bat ere jarriko dute edukiontzientzako gune berrian. Modu horretara, edukiontzien gunetik eta markesinatik eror daitezkeen hondakin solido eta flotagarriak euri uren sarera erortzea saihestuko da”.
Edukiontzientzako gunea aldatzeaz gain, BI-3447 errepidera doan elkargunea hobetzeko ere aprobetxatu dituzte obrak. “Bide batez, bertan dauden baserrien eta etxeen errepiderako sarrera-irteera ere hobetuko dute. Lehen norabide aldaketa guztiak ezin ziren egin. Orain biribilgune antzerako irlatxo bat eraiki dute, eta horri esker norabide aldaketa guztiak egin ahalko dira”. Lanak Aulestiko Urre enpresak egin ditu. Aurrekontua 46.000 eurokoa da eta lanen zati bat Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu du; 24.000 euroko laguntza eman dute.