Durangoko Azokak 2.300 produktu eskainiko ditu Interneteko dendan
Lea-Artibaiko hamalau sortzaileren lan berriak eskuratu ahal izango dira. Barikutik martitzenera egingo diren ekintzak etxetik zuzenean jarraitzeko aukera ere egongo da.
Durangoko Azokaren taupadak inoiz baino biziago jarraitzen du. Azokaren web atarian sortu duten denda erraldoian 2.300 produktu baino gehiago ipiniko ditu kultur zaleen esku-eskura. Uzta horren guztiaren artean euskal sortzaileen 852 berritasun egongo dira. Tartean, Lea-Artibaiko hamalau sortzaileren lan berriekin gozatzeko aukera ere egongo da.
Interneteko dendan erosketak egiteko aukera barikutik [abenduak 4] martitzenera [abenduak 8] arte egongo da zabalik. Baina azoka ez da bakarrik salerosketarako gune hutsa izango. “Kulturaz gozatzea, sortzaile berriak deskubritzea, hausnarketa mamitsuak entzuteko eta ikuskizun nahiz kontzertuak bizitzea” ere badela gogorarazi dute.
[Eskualdeko sortzaileen BERRITASUNAK, AURKEZPENAK eta ZUZENEKOAK]
Horren erakusle Durango bertan antolatu duten egitarau zabala izango da. 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Plateruena eta Landako Gunean. Azokan egon ohi diren gune guztietako jarduerak egongo dira bertan: Ahotsenea, Kabi@, Szenatokia, Saguganbara, Plateruena, Irudienea eta Areto Nagusia. Beste urte batez, azokako jardueretan batuko diren sortzaileak oso anitzak izango dira: ibilbide luzekoak, euren lehenengo disko edo liburua kaleratu dutenak… Plateruenan, esaterako, diskoen aurkezpenak egingo dituzte. Guztira, 37 talde edo bakarlari igoko dira taula gainera. Besteren artean, bertoko artistek ere egingo dituzte aurkezpenak.
Landako Gunean egingo dituzte gainontzeko jarduerak: mahai inguruak, literatur solasaldiak, liburuen aurkezpenak… Plateruena eta Landako Guneko ekitaldi guztiak presentzialak izango dira, baina horiek Azokaren webgunetik jarraitzeko aukera egongo dela iragarri dute. “Bi streaming kanal egongo dira gure webgunean. Bata, Landako Guneari dagokiona, eta, bestea, Plateruenari. Bertan 10:30etik 21:00ak arte, azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango duzue”.
[Eskualdeko sortzaileen BERRITASUNAK, AURKEZPENAK eta ZUZENEKOAK]