Jon Arriaga: "Urte berezi bati erantzuna emateko egitasmo berezi bat da"
Durangoko Azoka kulturzaleengana hurbildu asmoz sortu duten Zu non, han DA! ekimena koordinatzen ari da markina-xemeindarra. Martxa ona darama egitasmoak.
Zelan bideratu duzue Zu non, han DA! proiektua?
Denboraz oso justu ibili gara. Urriaren amaieran hasi nintzen, eta azaroaren 20an aurkeztu zuten egitasmoa. Hiru asteko esprinta izan da, baina horrek alde onak eta txarrak izan ditu. Txarra izan da denboraz oso justu ibili garela, eta horrela zabiltzanean ez da erraza gauzak ondo egitea, zuk nahi duzun dena egin ahal izatea. Baina denbora gutxi edukitzeak ze baldintza edukiko genituen jakitea ahalbidetu digu. Hau da, ez da arau aldaketarik egon epe horretan, bagenekien ze arau egongo ziren abendu hasieran, eta ez dugu ezer birmoldatu behar izan.
Zeren arabera aukeratu dituzue aretoak eta talde edo musikariak?
Aurten eta iaz diskoa argitaratu duten talde edo musikariak aukeratu ditugu, eta gu joan gara programazioa osatzen eta Euskal Herriko areto desberdinak lotzen. Pena izan da iparraldekoa. Han beste araudi batzuk dituzte, eta ez da posible izan bertaraino heltzea. Beraz, bakarrik hegoaldeko aretoekin egon gara lanean. Bi areto lotu ditugu Araban, Jimmy Jazz Gasteizen eta Burubio Amurrion; hiru Bizkaian, Ondarruko Beikozini, Bermeoko Kafe Antzokia eta Bilboko Euskalduna; Gipuzkoan lau areto izango dira, Azpeitin Soreasu eta San Agustin eta Donostian Doka eta Dabadaba, eta Nafarroan, Atarrabiko Totem Aretoa. Lehenengo ikusi genuen ea ze areto zeuden prest parte hartzeko, eta aretoak hitzartu eta gero, Durangoko Azokak jarritako baldintzetara moldatzen ziren taldeak zehaztu genituen.
2019an diskoa atera zuten taldeak ere kontuan izan dituzue, beraz.
2019n diskoa atera arren, martxoan konfinamendua etorri zen, eta taldeak bete-betean harrapatu zituen. Horregatik eman zaie aukera. Egitarauak osatzen hasi ginen gero, aretoei taldeak proposatzen eta taldeei deitzen.
Zelan hartu dute taldeek proposamena?
Ez da erraza izan baietz esatea. Batzuk ez daude entsegatzen, beste batzuentzat ezustekoa izan da, beste batzuk ezin zuten leku horretan, aurrerago daukatelako hitzartuta areto horretan egotea… Pixka bat kaotikoa izan da, baina aretoek asko lagundu digute taldeak lotzen, eurek guk baino gehiago dakite eta ideiak eman dizkigute. Denok ibili gara pixka bat Internet bidez dokumentuak partekatzen eta egitaraua denen artean elikatzen.
Kontzertuez gain, beste adar bat ere badauka egitasmoak.
Bi adar ditu. Alde batetik, Plaza edo kontzertuen atala, eta hori abenduaren 5etik 8ra bitartean izango da. Eta, gero, azoka amaitu eta biharamunean, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra ipiniko da martxan Zu non, han DA! denda. Establezimenduek izen emate epe bat eduki dute zabalik, eta Euskal Herri osoko denda pila bat atxikitu dira. Adibidez, Markina-Xemeinen Kareaga eta Ondarroan Zurrumurru.
Zelan funtzionatuko du?
Durangoko Azokako berritasunen sorta batzuk eskaini zaizkie, eta berritasun horiekin hornituko dira liburutegiak. Egitasmo honegaz lotura daukan iruditegia era bidaliko zaie jendeak identifikatu ahal izateko. Denda horren helburua da esatea Durangoko Azoka amaitu da, baina hor daude liburu dendak produktu horiekin guztiekin eta askoz gehiagogaz, eta jarraitu eurengana joaten. Gabonetako kanpaina itxuratzen lagundu nahi da. Azken baten, Zu non, han DA! egitasmoa izan da gauza berezi bat urte berezi bati erantzuna emateko. Aurten azokara bakarrik Durangaldeko jendea joan ahalko denez, Durangoko Azoka Euskal Herrira eramatea pentsatu da. Azokan dagoena zuzenean eskainiko dute Internet bidez, baina fisikoki ere eraman nahi izan da, eta laguntza hori helarazi jende guztiari: aretoei, musikariei, teknikariei, liburu dendei…
Kontzertuak Internet bidez jarraitu ahalko dira?
Printzipioz ez. Momentuko araudia kontuan hartuta, kontzetu hauek 21:00etarako amaituko dira, eta Durangoko Azokako zuzenekoak egongo dira ikusgai ordu horretara arte. Eta bestalde, honek funtzionatu ahal izateko jendea aretoetara joatea behar da.
Ze martxa daramate sarrerek?
Sarrerak azokako web orritik erosi ahal dira, eta orokorrean jendearen erantzuna ona izaten ari da. Kontuan eduki behar da kontzertu handienak 400 pertsonakoak izango direla, Euskaldunan, esate baterako. Ondarroako Beikozinin, berriz, 100 lagun sartzen dira, beste leku batzuetan 60, eta beste batzuetan 150. Kontzertu bat jarrita eta maskaragaz ikustea ez da gustukoena, hala ere, jendea kultur gosez dagoela igarri dugu; programatuta dauden kontzertu erdietan agortuta egongo dira sarrerak jada.
Hemendik aurrera zein izango da zuen lana?
Orain baimenak prestatzen ari gara taldeak aretoetara joan ahal izateko. Gonbidapenak, zozketak eta azken momentuko gauzak kudeatu, aretoek edo musikariek izan ditzaketen zalantzekin lagundu, eta abenduaren 5etik 8ra ni neu pertsonalki egongo naiz bueltaka EH osoan, areto guztietatik igarotzeko. Internetez egin dugun guztiari aurpegiak jarri eta tratua gehiago humanizatuko dugu. Aldi berean, liburu dendetakoa bideratzen jarraitzen dugu.