Maitane Azurmendi: "Belarriprest berbak erabat deskribatzen nau"
Euskaraldiaren eraginez jarrera aldaketak igarri ditu egunotan Maitane Azurmendik. 2018agaz alderatuta, orain jendea gehiago animatu dela eta dituen onurak ikusi dituela uste du.
Zergatik bat egin duzu Euskaraldiagaz?
Iniziatiba oso ona da. Belarriprest berbak erabat deskribatzen nau. «Mesedez, hitz egidazu euskaraz, eta ahal dudan neurrian euskaraz erantzungo dizut» eta halako azalpenik ez dut eman behar. Diskurtso hori laburbiltzen du Belarriprest berbak.
Ariketa sozial honek zertarako balio duela uste duzu?
Euskara bultzatzeko eta euskaraz gehiago berba egiteko balio du. Balio du esateko «euskaraz egingo dugu», eta nahiz eta zuk gaztelaniaz erantzun, jendeak zuri euskaraz hitz egiten jarraitzeko.
Lotsak eta konplexuak kentzeko balio duela diote. Halan da?
Hori da. Inoiz pasatu zait euskaraz zerbait txarto esan eta norbaitek barre egitea. Horrek lotsa sentiarazten dizu. Maitane Azurmendi entzutean, jendeak euskaraz dakidala segurutzat jotzen du, eta inoiz lotsa sentituta esan behar izan dut ez dakidala, baina mesedez nigana euskaraz zuzentzeko, horrek ikasteko laguntzen didalako. Txapa eroateak hori dena saihesten digu.
2018an ere parte hartu zenuen. Aldaketarik ikusi duzu?
Bai, orain jendea gehiago animatu dela eta dituen onurak ikusi dituela uste dut.
Euskaraldiaren eragina igarri duzu jendearengan?
Bai, jarrera edo txip aldaketak igarri ditut. Mungian lan egiten dut, eta Gernikan han baino gehiago igarri dut. Esate baterako, enpresan ia ez da euskara erabiltzen, eta Euskaraldiagaz jendea gehiago animatu da.
Ze entzuten duzu gehiago inguruan, euskara edo gaztelania?
Gaztelania. Mungiakoa naiz, eta 15 urte daramatzat Gernikan bizitzen. Mungian aurrerapausoak eman badira ere, Gernika Mungia baino euskaldunagoa da. Enpresan 20 urte daramatzat, beti izan da oso euskalduna, eta orain dena gaztelaniaz da. Harritzen nau. Gernikara bizitzera etorri nintzenean alde handia igarri nuen. Askoz euskaldunagoa da. Zuk gaztelaniaz erantzun arren, jendeak euskaraz egiten dizu. Horrela ikasten da hizkuntza bat.
Zer esango zenieke euskaraz jakin baina erabiltzen ez dutenei?
Askotan ikusten dut hori, eta harritu egiten nau. Erraztasun hori banu, dena euskaraz egingo nu-
ke. Esaterako, umeekin euskara gehiago egiten dugu, eta lobagaz gehiago askatzen naiz, badakit erratzen banaiz zuzenduko nauela. Mungiako kuadrillan %80ak euskaraz daki, eta beti gaztelaniaz egiten dugu, Gernikakoan, ostera, gaztelaniaz berba egiten dutenak egon arren, euskaraz egiten da.
Zure ama hizkuntza ez da euskara.
Aita Mungiakoa da, euskalduna, eta ama kanpokoa. Gaztelania da ama hizkuntza, eta gaztelaniaz ikasi dut beti. Aitaren familiakoek euskaraz egiten zuten, baina Mungian zegoen giroagaz gaztelaniara jotzen zuten. Gernikan bizi naizenetik harreman gehiago daukat euskaragaz.
Egunerokotasunean, zelan bizi duzu euskara?
Euskaltegira urte askotan joan naiz, baina konturatu naiz, hizkuntza denetan modura, soltatzea dela gakoa. Ondo idazten jakin arren, hitz egiteko praktikatu egin behar da. Astran hainbat taldetan nago. Euskararen arigunea, arnasgunea da. Han zerbait prestatzen banabil egun edo aste askotan jarraian, euskaraz pila bat askatzen naizela igartzen dut, giro oso euskaldunean nagoelako. Batzarretan ere dena da euskaraz, eta Belarriprestok ulertzeko astiroago egin edo errepikatu behar badute, egiten dute, baina euskaraz berba egiteari utzi barik. Hori asko eskertzen dut, asko laguntzen didalako. Beti esaten diet, euskaraz egingo dugu, eta ez badut zerbait ulertzen, galdetuko dut.
Hurrengo Euskaraldian Ahobizi izango zara?
Hori gura nuke. Urtero esaten dut euskara gehiago erabili behar dudala. Irakurtzeak asko egiten du, eta aurtengo helburua euskaraz irakurtzea izan da. 2021ekoa izango da konfiantza gehien daukadan jendeagaz euskaraz gehiago soltatzea.