Yolanda Arrieta: "Txokolatearen atzean mundu zabal bat dago"
XIX. mendeko familia bat, etorkizunetik datorren emakumea, espazioan eta denboran egindako bidaiak eta txokolatea hari gidari. Osagai horiek guztioriek dakartza Yolanda Arrieta Etxebarriko idazlearen eleberri berriak.
Txokolatetik abiatuta, historiaz, mitologiaz, abenturaz eta fantasiaz beteriko istorio batean murgiltzen du irakurlea Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren Txokolategia fikziozko eleberri berriak. Gustuko duen txokolatea aukeratu zuen Etxebarriko idazleak bere azken lanerako, eta ikertzen hasita, txokolatearen atzean mundu zabal bat dagoela konturatu da. Eta hori guztiori islatu nahi izan du gazteei zuzendutako proiektu honetan.
Eleberriko protagonistak bi ahizpa dira, Dona eta Lili. Txokolategi bateko hirugarren belaunaldia osatzen dute. «Batak txokolate maistra izan nahiko luke eta besteak txokolatea saldu. XXI. mende erditik XIX. mende amaierara denboran salto egingo duen txokolate maistra, ikerle eta zientzialariaren bidez informazioa jasoko dute, etorkizunean eurek aukeratzen duten lanbidean aritu ahal izateko», kontatzen du Arrietak.
Etorkizunetik salto egiten duen andre hori iaz kaleratu zuen Ataria liburuko emakume bera da. Adar horretatik lotura egin nahi izan dio iazko zientzia fikziozko liburuari. Hala ere, iazko liburuaren jarraipena ez dela zehaztu du, «adartxo bat da».
Liburuko muina kakaoa izango litzateke, kakao berezi bat, ustez munduaren sorreran jangoikoek lurrean bertan lagatako kakaoa
Liburuko muina kakaoa izango litzateke, kakao berezi bat, ustez munduaren sorreran jangoikoek lurrean bertan lagatako kakaoa, jendea elikatzeko eta jendeari indarra emateko. Horren bila doa XXI. mendeko txokolate maistra, eta horren bila egingo du salto denboran, gazte bien eta haien familiaren txokolategira. «Andra hau sorgina da, sortzen duena edo sortzailea, eta txokolategi horretan ere denak dira sorginak edo sortzaileak».
Mitologia, abentura, ekonomia. Eleberriaren oinarrian badira beste hainbat kontzeptu. «Alde batetik, kakaoak jatorri mitiko bat dauka atzean. Kakao arbolaren jatorrizko izena Theobroma cacao da, jainkoen elikagaia, duela bost mila urte baino gehiago ekoizten eta kontsumitzen zen Amazonian. Maien mitologian jainkoek lurrean lagatako fruitu bat zen, eta konkistatzaileak ere jabetu ziren bere garrantziaz. Kakao sail handiak landatu zituzten salmentarako, eta hor hasi zen kakaoa bere bidea egiten munduan zehar, eta jende arruntaren esplotazioa ere hor hasten da».
Ekonomia aldetik kakaoak indar handia eduki duela ere badio Arrietak. «Merkatu asko mugitu izan ditu». Eta, hori, urteekin areagotu egin da idazlearen esanetan, eta orain ere, hala jarraitzen du. «Dena dela, azken urteetan hasi dira bertan jatorrian berriro ere, bertako jendea euren erara, euren denborak eta neurtuta eta eurak dakiten moduan kakaoa lantzen. Kooperatibak sortu dira lehen ekoizleak eurak izateko eta produkzioa eurengandik hasteko». Eta kooperatiba txiki horietan andrazkoak ere hasi dira sartzen.
Lanaren muinean badago galdera bat: zergatik ez da ageri txokolate maistrarik historian?
Hala ere, Arrietak ikusi duenez, historian ez da txokolate maistrarik aipatzen. «Baina txokolate eginean andrazkoak ere aritu dira. Beraz, zergatik ez da egon txokolate maistrarik historian?». Kakaoak, beraz, kakao asko daukala atzean dio idazleak umorez. «Konturatu nintzen kakaoak gizartea egituratzeko orduan ere egiteko garrantzitsua daukala; gizonezkoek antolatutako artisautza lan bat izan da, nahiz eta eskulanean andrazkoak ere berdin aritu. Etxetik jasotako negozioa izan arren txokolategi baten ardura hartzeko txokolate maisu bategaz ezkondu behar izaten zuten andreek derrigor, negozioagaz jarraitu nahi bazuten».
Kontzeptu horiek guztiak ametsen bitartez doaz istorioan barneratzen, eta txokolategi horretan bizi diren pertsonaiak erabili ditu horretarako idazleak: «Aitona Abel, amona Alodi, aita Adon, ama Uria, neska biak Lili eta Dona eta etorkizuneko emakumea Iga dira giltzarria, eta horiek daramate historia. Ametsak eta ametsen ondorengoak eta horrek eragiten duten eguneroko bizimoduak ere badauka zeresan handia, eta hor egongo da liburuan zehar luzatuko den intriga».
Kakaoaren bidea Euskal Herrian. Euskal Herriko Txokolategietara jo du Arrietak bertoko txokolategintzaren hastapenak ezagutzeko, eta haietan ikusi eta entzundakoak erabili ditu libururako.
Liburua zazpi atal nagusitan banatuta dago, sorgin hizkerako lehen zazpi zenbakien izenburupean
Mendaroko Saint Gerons txokolategira joan zen lehenengo, eta, gero, Oñatikora. Bertan Antxon Azpiazuri aurkitu zuen, eta hark prozesu osoa azaldu zion. Nafarroan Chocolates Subizara joan zen. «Roncesvalles izeneko txokolate artisaua egiten duten txokolategi bat dute Iruñean, eta han Jesus Subiza 97 urteko txokolate maisua ezagutu nuen. Beretzako txokolatea egitea jendea zoriontsu egitea zela esan zidan; 95 urte egon dela dendan, eta jendea pozik irteten zela bertatik». Ideia horiek guztiak libururako erabili dituela azaldu du idazleak. «Beran Ekhi txokolateetako Juan Mari Iriarte ezagutu nuen. Txokolategi bateko familiatik zetorren, eta zer edo zer berria egin nahi zuen, eta urrezko bonboia egitea lortu zuen. Ametsaren ideia hartu nion berari». Elizondon ere egon zen Arrieta txokolatearen nondik norakoak ezagutzen, eta Iruritan Arkupe txokolategiko barrenak ezagutu zituen. «Bertako jabea gaixotu eta bere lobak eta haren mutil-lagunak hartu zuten txokolategia. Neskak txokolate oreagaz beste gauza batzuk ere egiten zituen, joko handia eman zidaten horiek ere. Horregaz hasi nintzen lanean; ideiak mamitzen».
Sorgin hizkera. Liburua zazpi atal nagusitan banatuta dago, sorgin hizkerako lehen zazpi zenbakien izenburupean: Baga, Biga, Higa, Laga, Boga, Sega, Zai. Epilogo legez, Klik, aurreko zazpi atalak lotu eta ezusteko amaiera eskainiz.
Arrietaren ustez, denok izan gaitezke pixka bat sorgin. «Lehenengo eta behin, gure desioa deskubritu behar dugu, eta gero, desio horri ekin, norberaren nitik lan eginez besteentzako beti. Bestentzako gauza on bat eman nahi hori, batzuetan gustu ederra izango da eta besteetan momentua goxatzeko bonboi eder bat edo beste batzuetan asmo espirituala izango du, txokolatea janez indartu eta lehenengo jainko haiek lagatako asmo onagaz bat egitea». Ezagutu dituen txokolategile denek zeukatela amets puntu hori dio idazleak: “zer edo zer ona, zer edo zer ederra edo zer edo zer desberdina egiteko nahia».